2020-21 ikasturtea

"Gaztelekua elkarrekin eraikitzen joango gara!"

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 8a, 08:11

Astean hirutan zabalduko dute ezohiko ikasturte honetan, ordutegiak moldatuta. Erabiltzaile berrien gurasoei zuzenduriko bilera deitu dute urriaren 15erako.

"Irailean lanean egon gara Gaztelekua egoera berrira egokitzen. Orain Gazteleku barruan 20 pertsona egon gaitezke batera eta parte hartzea ahalbidetzeko ordutegiak aldatu ditugu", berri emanez, albiste honi atxikia duzuen ondoko bideoa kaleratu du Gaztelekuak, ezohiko ikasturte honi begira.

Covid19-ak martxoan itxitako gunea aste hasieran ireki zuten. Aurrerantzean astero hirutan zabalduko dute, ordutegiak egokituta. "Ordutegi hauek denborarekin gure beharretara moldatzen saiatuko gara", iragarri dute aipatu bideoan. Hortik aurrera Gaztelekuko dinamika elkarlanean bideratzeko nahia plazaratu dute. "Egoerak jartzen dizkigun baldintzekin Gaztelekua elkarrekin eraikitzen joango gara! Erronka bat izango da! Prest gaude! Elkarrekin nahiago! Ekinez bidea eginez".

Egokitze lanetan
Hilabeteotan, telematikoki funtzionatu behar izan du, zabaldu berri duten Gaztelekuak. "Gaztelekua ireki berri dute: martxoan, konfinamendua dekretatu zenez geroztik zegoen itxita, nahiz eta sare sozialen bidez martxan jarraitu zuen zerbitzuak", Usurbilgo Udalak berri eman duenez.

Gazteak telematikoki hartuemanetan izan ostean, aurrez aurre, presentzialki biltzera itzuliko dira ezohiko ikasturte berri honetan. Baina noski, eremu guztietan gertatzen ari den moduan, bizi dugun ezohiko testuingurura moldatuta. "Batetik, Gaztelekuan bertan 20 pertsona egon daitezke aldi berean, eta, bestetik, ordutegiak moldatzeko beharra ikusi dute, gazteen parte-hartzea ahalbidetzeko", adierazi dute udal iturriek.

Malgutasunez jokatzeko asmoa dute halere. "Baldintzak zeintzuk diren kontuan hartuta osatu dituzte ordutegiok, baina moldagarriak dira: gazteekin hitz eginda egokituko dituzte, beharrezko ikusten badute", Usurbilgo Udalaren esanetan. Gaztelekua testuinguru berrira egokitzeko lanean aritu dira azken asteotan, baina aurrera begirako bidea gazteekin elkarlanean jorratu nahi dutela berri eman dute Usurbilgo Udaletik. “Egoerak jartzen dizkigun baldintzekin Gaztelekua elkarrekin eraikitzen joango gara. Erronka bat izango da. Prest gaude: elkarrekin nahiago! Ekinez bidea eginez”.

Astean hirutan zabalik
Gaurkoz, egun eta orduotan zabaldu asmo dute Gaztelekua:

Astelehenak:
16:30/18:00. DBH3.
18:00/19:30. DBH4 + Batxilergoa.

Ostegunak: DBH2
16:30/18:00. 1- txanda.
18:00/19:30. 2. txanda.

Larunbatak:
16:00/17:30. DBH1
17:30/19:00. Txandak egingo dituzte.

Guraso bilera bi txandatan
Ikasturte hasiera honetan urtero, erabiltzaile berriekin bildu ohi dira Gaztelekuko arduradunak. Aurten baita, baina bizi dugun osasun krisialdira egokituta, bi txandatan izango da, urriaren 15ean, 17:00etan eta 18:00etan. Gaztelekuan noski.