2020ko ordenantza fiskalen aldaketaren behin betiko onarpena

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 9a, 08:55

2020ko zerga egutegi egokituaren eta hobariei dagozkien behin betiko aldaketen berri eman du Usurbilgo Udalak.

2020ko zerga egutegia egokitua
Iazko udazkenean onarturiko aurtengo egutegi fiskala berregokitu behar izan du Usurbilgo Udalak covid19-aren eraginez. Udalak urgentziaz hartutako erabakien artean egon zen alarma egoeraren hasieratik, egoera honek iraun artean zergak ordaintzeko epeak eten eta malgutasunez jokatzea. Ondorioz, 2020ko egutegi fiskala berregokitu dute, herritarrek zer noiz ordaindu argi izateko. Egutegi berria uztailaren 23ko udalbatzarrean onartu zuten gehiengo osoz. Behin betiko ebazpena argitaratu du Udalak, ostiral honetako (urriak 9) Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.

2020ko zerga egutegi egokitua
-Martxoak 2-ekainak 19: trakzio mekanizkozko ibilgailuen zerga.
-Ekainak 1-30: asteroko merkatuaren erabilpen tasa (urteko 1. hiruhilekoa).
-Ekainak 1-uztailak 30: ura, estolderia eta hondakinak (urteko 1. hiruhilekoa).
-Abuztuak 1-irailak 15: ondasun higiezinen gaineko zerga.
-Irailak 1-urriak 16: ura, estolderia eta hondakinak (urteko 2. hiruhilekoa).
-Urriak 1-30: espaloian zehar ibilgailuak sartzea (badoa).
-Urriak 1-abenduak 10: ekonomia jardueren gaineko zerga.

Hobariak
Enplegua sortzea bultzatzen duten proiektuak laguntzeko orain arte indarrean ez ziren zerga hobari batzuk aplikatzeko aukerari bidea eman nahi dio udal gobernu taldeak. Inguruko udalerrietan ere aurreikusiak dituztenak. Horregatik proposatu zuen udal gobernu taldeak, ordenantza fiskalen udal araudiko 11. artikulua egokitzea uztailaren 23ko udalbatzarrean. Gehiengo osoz onartu zuen proposamena, EHBilduren udal ordezkarien babesarekin. PSE abstenitu zen, EAJ aurka agertu zen.  

Egun aipatu artikuluak, zerga hobariak aplikatzeko 5 aukera jasotzen ditu. Baina 15/1989 Foru Arauak "malgutasun handiagoa eskaintzen du, hala nahi duten udalek bere nahietara egokitu ditzaten hobariak". Hobarien aukera eta esparrua malgutasunez jorratze aldera onartu dute ordenantza fiskalen 11. artikulua egokitzea. Modu honetan geratu da:

HOBARIAK
11. artikulua:
1-Uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauak, Gipuzkoako Toki Ogasunei buruzkoak, 9. Artikuluan xedatutakoaren arabera, honako hobariak onartu ditu Usurbilgo Udalak:
a) %90 eraikuntzak, instalazioak edo obrak interes berezikoak edo udal onurakoak izendatuta daudenean zirkunstantzia sozial, kultural edo historiko-artistikoak izateagatik edo enplegua sustatzeko baliagarriak gertatzeagatik. Izendapena Udalbatzarrak onartu beharko du, eta subjektu pasiboak eskatuta erabakiko da, batzarkideen gehiengo soilaren aldeko botoekin.
b) %95 eraikuntza, instalazio edo obretan eguzki energiaren aprobetxamendu termiko edo elektrikoa ahalbidetzen duten sistemak ezartzen badira autokontsumoari begira. Dena den, hobari hau aplikatu ahal izateko, ezinbestekoa izango da beroa sortzeko instalazioak Administrazio eskudunak homologatutako kolektoreekin hornituta egotea.
c) %15eko hobaria, etxebizitza babestuekin zer ikusia duten eraikuntza, instalazio edo obrak direnean, subjektu pasiboak eskaera bideratu beharko duelarik.
d) %90 eraikuntza, instalazio edo obrek pertsona ezinduen irisgarritasun eta habitagarritasun baldintzak errazten dituztenean.

Oharrak:
-Ezinezkoa da aldi berean hobari bat baino gehiago aplikatzea. Hau da, eraikuntza, instalazio edo obra bakoitzak hobari bakarra izango du, zergadunarentzat onuragarriena dela alegia.
-Obrak irisgarritasuna eta habitagarritasuna erraztekoak izango dira, eta ondorioz hobaria izango dute, baldin eta ziurtagiri baten bidez udal teknikari batek obra horiek ezinduen irisgarritasuna eta habitagarritasuna hobetzeko derrigorrezkoak direla azaltzen badu.