22. Korrika 2022an, urtebetez atzeratzea erabaki dute

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 16a, 11:40

Datorren 22. Korrika ez da ohi bezala bi urtean behin ospatuko, azken ediziotik hiru urtera baizik. Bizi dugun osasun krisialdia tarteko, datorren euskararen aldeko lasterketa urtebetez, 2022ra atzeratzea erabaki dute antolatzaileek.

"2020-21 ikasturtean Korrikarik ez". Euskal Herria alderik alde zeharkatze duen euskararen aldeko lasterketarik ez da ospatuko zegokion garaian, bi urtean behin gertatu moduan, datorren udaberrian. Arrazoia begi bistakoa; bizi dugun osasun krisialdia. "Azken hilabeteotan, gauzak ikaragarri aldatu dira. Pandemiak mundu osoa kolpatu du eta ez dirudi epe motz-ertainean erabat kontrolpean izango denik. Egoera uste genuena eta nahi genuena baino askoz okerragoa da orain. Hori dela eta, AEKn hobetsi dugu KORRIKA bezalako ekimena atzeratzea, besteak beste, pandemiaren barruko transmisioa ahalik eta gehien murrizteko".

Ekimena atzeratzeak eragina izan arren, erabaki hau hartzea hobetsi dute antolatzaileek. "KORRIKAren atzerapenak hutsunea sortuko du, baina KORRIKA bera horren garrantzitsua izanik, beharrezkoagoa da KORRIKA denok desiratzen ditugun baldintza hobeetan egitea. Une honetan, ez dugu KORRIKAren ordezko eskas bat nahi. Izan ere, euskarak bezala, KORRIKAk kalea behar du, bizia, mugimendua. Eta hori errepidera ateratzen direnek ematen digute, kalera ateratzen direnek. Denbora gehiago hartu nahi dugu, normalitate berria nondik nora joango den ikusteko, etorkizuna hobeki ezagutzeko, eta, ondo bidean, egoera hobetzen bada, denok desiratzen dugun KORRIKAra iritsiko gara".

"Erabaki latza"
Hartu behar izan dutena erabaki zaila izan dela diote, kalte ekonomikoa ekarriko duena. "Erabaki latza, euskararen aldeko ekitaldirik jendetsuena eta zirraragarriena ez dugulako orain izango, eta badakigulako euskararen aldeko bultzada ezin dela apaldu; gainera, KORRIKAk helburu ekonomiko zehatza dauka (AEKren euskaltegietako lana indartzea) eta atzeratzeak kalte egingo dio lan horri, zalantzarik ez", antolatzaileek berri eman dutenez.

Kalte ekonomikoei aurre egiteko ezinbesteko neurriak aipatu dituzte. "Gainera, hartu behar izan dugun erabakiaren ondorioz, kolpe ekonomiko handia pairatuko dugu. Hori dela eta, KORRIKAren sorreratik, edizio guztietan egiten dugun bezala, azpimarratu nahi dugu ezinbestekoa dela helduen euskalduntzea bizkortzea eta inbertsioak areagotzea, Euskal Herri osoak behar-beharrezkoa du-eta. Administrazioari dagokionez, euskaltegiei bideratutako baliabideak oraindik ez dira nahikoak, urratsak egin badira ere norabide egokian. Alabaina, egoera ekonomiko zailagoan izango bagara ere, berretsi nahi ditugu AEKide guztion konpromisoa eta lana. Oso gogorra izan da atzeratzeko erabakia hartzea, zinez, baina ziur gaude goiari helduko diogula eta KORRIKAra inoiz baino indartsuago itzuliko garela".

2. Euskaraldiarekin bat eginik
Antolakuntzak jakinarazi du gaur albistea; baina argi utzi du, ez du 22. Korrika bertan behera utzi. Urtebete atzeratu du. "2022ko udaberrian, "herriz herri igaroko gara", kaleetan eta herrietan elkartuko gara berriro".

Bitartean, lanean jarraitzeko asmo argia adierazi dute, "euskaltegietara hurbiltzen ari zaizkigun milaka lagunek eskolak modurik eragingarrienean ikas ditzaten, eta egunero, goizetik gauera, jarraituko dugu mintzapraktika-egitasmoak abian, normalizazio-planak, itzulpen- eta zuzenketa-lanak, hilero argitaratzen dugun AIZU! Aldizkaria eta abar egiten; lanez lepo ibiliko gara, euskarak toki handiagoa har dezan.

Bidenabar, Euskalgintzako gainerako eragileekin ere elkarlanean segituko dugu 2021 urtean oinarri sendoagoak jar ditzagun herri honen euskalduntze bidean: “Hizkuntza Gutxituen Protokoloa”ren garapena, “Geroa Euskaratik” dinamika, Hizkuntza Gutxituen XVIII. Nazioarteko Biltzarra...

Amaitzeko, txalotu nahi dugu euskara ikastera hurbildu diren herritarren ahalegina, mintzalagun egitasmoetan daudenak, euskara planarekin dabiltzan eragile eta enpresak, AIZU!ko harpidedunak...segi euskaraz bidea egiten, zorionak".

AEK-k ere bat egin du urte amaierarako iragarria dagoen 2. Euskaraldiarekin. "Unea baliatu nahi dugu martxan den 2. EUSKARALDIAN parte har dezagun; Belarriprest edo Ahobizi izan gaitezen animatu nahi dugu Korrikazale oro".