Euskaraldia

Ahobizi eta Belarriprestentzako izen emateko aukera gaur Sutegin

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 17a, 10:19

Euskaraldia sustatzeko Usurbilen sortua den batzordea badatorren bigarren ediziorako prestaketa lan betean da. Entitateentzako izen ematea itxi ostean, Ahobizi eta Belarriprestena zabaldu dute. Inskripzioak bideratzeko mahaia jarriko du batzordeak larunbat honetan (urriak 17) 19:00etan hasita Sutegi atarian.

Hurbiltzen doa euskararen erabilera sustatzeko ariketa kolektiboaren bigarren edizioa; azaroaren 20tik abenduaren 4ra ospatuko den 2. Euskaraldia. Gogoan izango duzue, datorren ediziorako iragarria dagoen berrikuntza ariguneen osaera da, euskaraz lasai aritzeko guneak bultzatzea. Denetariko entitateek (herri eragileek, erakundeek, elkarteek...) parte hartuko dute. Irailaren 27an itxi zuten haientzako izen ematea.

Entitateekin batera, bueltan izango dira 2018ko edizioan hain ezagunak egin ziren Ahobizi eta Belarriprestak. Milatik gora usurbildarrek jantzi zuten soinean euskara ahotan hartzeko konpromisoa, nahiz aurrekoari euskaraz egitea eskatzeko hautua adierazten zuen txapa. Eskatzen zen bakarra, euskara ulertzea zen. Datorren 2. ediziora begirako Ahobizi eta Belarriprestentzako izen ematea zabalik da.

Larunbat honetan (urriak 17) 19:00etan, mahaia jarriko du Euskaraldia Usurbilen bideratzeko lanean ari den herri batzordeak Sutegi atarian. Parte hartzera deitu dute. "Adi herritar! Euskaraldian izena emateko garaia iritsi da. Urriak 17, larunbata, 19:00tan Sutegin mahaia jarriko dugu horretarako. Hizkuntza-ohiturak aldatzeko urratsa eman nahi? Aukeratu rola eta eman izena!".

ARIGUNEEN EUSKARALDIA
Noiz: azaroaren 20tik abenduaren 4ra.
Parte hartzeko moduak:
-Norbanakoek: Ahobizi (lehen hitza euskaraz) edo Belarriprest (Ahobizien hizketari jarraipena ematea) gisa. 
-Entitateek: Ariguneen bidez.
Izen ematea: entitateena itxita. Ahobizi eta Belarriprestentzako izen ematea zabalik dago.
Ahobizi eta Belarripresten ezaugarriak
-Ahobizi: lehen hitza beti euskaraz, elkarrizketa elebidunetan euskaraz. Euskara ulertzen duten guztiekin euskaraz beti.
-Belarriprest: euskaraz dakienari euskaraz aritzea eskatuko dio, egoeraren arabera euskara erabili.

Ariguneen ezaugarriak
-Denetariko entitateek parte hartu ahalko dute: erakundeek, herri eragileek, elkarteek, denetariko kirol edota kultur taldeek...
-Ariguneak=entitateen baitan dauden euskaraz aritzeko gune babestuak dira. Arigunea osatzen duten kide guztiek euskara ulertzeaz gain, euskaraz hitz egin nahi dutenekiko aldekotasuna adierazten dute.
-Bi arigune mota sortuko dira: barne-ariguneak (entitateen barne funtzionamenduan euskararen erabilera babesteko sortutakoak) eta kanpo-ariguneak (herritarrekiko harrerarako edo kanpo harremanetarako sortuko direnak).
-Entitateen ardura: ariguneak sustatu eta babesteko neurri praktikoak hartzea.
-Ariguneek izena emateko, entitate bakoitzak "ariguneak non dituen identifikatu beharko du eta kideekin adostasuna hitzartu".

Informazio gehiago eta antolaketan parte hartzeko izen ematea:
usurbil.euskaraldia.eus
usurbil@euskaraldia.eus
943 371 999