Erronka

Usurbil K.E.-ren neurketak internet bidez ikusteko 1.000 jarraitzaile biltzeko erronka

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 20a, 08:06

Usurbil K.E.-k Youtuben duen kanalaren bidez eskubaloi neurketak ikusteko 1.000 jarraitzaile biltzeko erronka abiarazi dute. Astearte goiz honetarako 600etik gora zituen. Gogoan izan bestalde, Usurbil K.E.-ren senior nesken taldea jokalari bila dabilela.

Bizi dugun ezohiko osasun krisialdia tarteko, lehendik zeuden dinamikei eusteko alternatibarik eta bestelako bideak jorratzeko sormenik ez da falta. Ezta kirol munduan ere. Covid19-a gure artera heldu aurretik ere herriko kirol taldeen neurketak bertako instalakuntzetan gertutik jarraitzeko aukera bazen. Lehendik ere baziren segurtasun mugak ordea zorroztu egin behar izan dira pandemia garaiotan, kirol taldeen hainbat neurketa zaleturik gabe jokatu behar izatera heltzeraino.

Testuinguru honetan, Usurbil Kirol Elkartetik erronka berezi bat jarri dute martxan. Youtuben zabalik duten "Usurbil KE eskubaloia" kanalean 1.000 jarraitzaile izatera heldu nahi dute. Zertarako? Herriko eskubaloi taldeen partidak zuzenean plataforma honen bidez ikusi ahal izateko. "Usurbil K.E.-ko partidak zuzenean ikusi ahal izateko, 1000 jarraitzaile lortu behar ditugu kanalean", halaxe dio azken orduotan whatsapp bidez bolo-bolo dabilen mezuak. Albiste honi atxikitako bideoan, berriki Oiardo Kiroldegian jokatu den Usurbil eta Zarautzen arteko partida. Usurbil K.E.-ren aipatu kanalean duzue ikusgai.

Eskubaloi elkarteak Youtuben duen "Usurbil KE eskubaloia" kanaleko jarratzaile bilakatzea eskatzen dute. Egitekoa erraza da; sartu Youtube.com atarian eta bilatzailean "Usurbil KE eskubaloia" kanala idatzi. Kanalean sartuta, herriko kirol klubera harpidetzeko aukera izango duzu. Astearte goiz honetarako 600etik gora jarraitzaile zituen eskubaloi elkarteak.

Klubetik bertatik jakinarazi dutenez, igandean ospatzekoa da hurrengo eskubaloi neurketa Oiardo Kiroldegian:

Urriak 25, igandea
10:45 Kadete mutilak, preferente Euskal Liga: Usurbil K.E.-Egia Indaux



Senior neskak jokalari bila
Usurbil Kirol Elkarteko senior nesken gonbita duzue honakoa: "Goza dezagun emakumezkoen eskubaloiaz". Aurten taldea osatu ezinik dabiltza, eta NOAUA!ra helarazi duten idatziaren bidez, "deialdia egin nahi diegu herriko eta herritar ez diren emakumezkoei eskubaloiaz goza dezagun". Lerrootan duzue Usurbil K.E.-ko senior nesken idatzia osorik.

Goza dezagun emakumezkoen eskubaloiaz
Duela lau urteko denboraldian, senior nesken eskubaloi taldea 2. mailan jokatzen ibili ondoren desagertu egin zen. Urtebeteko epean ez zen talderik egon. Hurrengo denboraldian ordea, berriro ere elkartu eta talde berri bat egiteari ekin genion, lehen urtean mailaz igo ginen eta amaitu gabeko azken urte honetan 3. mailako 1. postuan bukatu genuen denboraldia. Arrazoi ekonomikoengatik maila igoerari ezezkoa eman behar izan genion.

Aurtengo urtean ordea, ez dugu taldea osatzea lortzen. Egoerataz erabat kontziente izanik aurtengo mailari eutsi nahi diogu, berriro ere talderik gabe geratu aurretik. Zaila ikusten dugu hamabiko talde bat osatzea, oraintxe sei izanik. Konpromezu maila ere asko aldatzen da, konfinamenduaren beldur garelako noski; baina badakigu normaltasuna iritsiko dela eta aurten ez bada ere, datorren urtean normaltasunez eskubaloiaz gozatu ahal izango dugula.

Idatzi honen bitartez, deialdia egin nahi diegu herriko eta herritar ez diren emakumezkoei eskubaloiaz goza dezagun. Ez dugu berriro ere eskubaloian jokatzeko aukerarik gabe geratu nahi, eta eskubaloian jokatu nahi duen oro ongi etorria izango da. Konpromezu maila ezberdinetara egokitzeko prest gaude. Harremanetarako kontaktua: 688 693 390

Usurbil K.E-ko Senior Neskak