Abisu horitik alerta laranjara

Haize boladak gogortu eta alerta laranjan izango gara gau partean

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 20a, 15:16

Haizea bizi dabilkigu bart gauetik eta are bolada bortitzagoak izan ditzakegu hurrengo orduotan. Abisu horian gara haizeagatik astelehen iluntzeaz geroztik, alerta laranjan izango gara gaur iluntzeko 21:00etan hasi eta 3:00ak arte. Goizaldeko lehen ordu horietan espero dira bolada gogorrenak; 100 kilometro ordutik gorakoak izan ditzakegu.

Astelehen iluntzeaz geroztik abisu horian gara haizeagatik, eta badirudi bolada gogorragoak izango ditugula datozen orduotan. Abisu horitik alerta laranjara igaroko garela berri eman du Euskalmet meteorologia agentziak. 21:00ak arte abisu horian segiko dugu. Haizeguneak ez diren tokietan, arratsaldean zehar "haizea indartu egingo da eta haize-boladek 80-90 km/h-ko abiadura gaindi dezakete ekialdean eta 60-80 km/h-koa mendebaldean".

Haizea gauerditik aurrera bizien
Astearte gaueko 21:00etan hasi goizaldeko 3:00ak arte izango du Segurtasun Sailak kolore laranjako alerta indarrean. Haizeguneetan, "hego-osagaiko haize-boladek 110-120 km/h-ko abiadura gaindi dezakete mendi inguruetan, eta 80-100 km/h-koa kostaldean". Haizeguneak ez diren tokietan "hego-osagaiko haize-boladek 90-100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete barnealdeko haizeguneak ez diren tokietan".

Goizaldean haize bolada are bortitzagoak izan ditzakegu. Euskalmet-en arabera, gauerdian hasi eta goizaldeko 3:00ak arte, haizeguneetan "hego-osagaiko haize-boladek 110-120 km/h-ko abiadura gaindi dezakete mendi inguruetan eta 80-100 km/h-koa kostaldean". Haizeguneak ez diren lekuetan, "hego-osagaiko haize-boladek 90-100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete barnealdeko haizeguneak ez diren tokietan".

Abisu horian gero
Goizaldeko 3:00etan hasi eta 9:00ak arte, alerta laranjatik abisu horira itzuliko gara. Haizeguneetan, "haizea bizkor ahulduko da. Hego-osagaiko haize-boladak 100 km/h ingurukoak izan daitezke ekialdean eta 70-80 km/h ingurukoak mendebaldean". Haizeguneak ez diren tokietan, "hego-osagaiko haize-boladak 80 km/h ingurukoak izan daitezke".

Giro honekin, astearte honetan (urriak 20) Usurbilen, "goibel egongo da, noizbehinka euria egin dezake. Arratsaldetik aurrrera hodeiak gutxituz joango dira. Hego-haizea gogor ibiliko da, batez ere arratsaldetik aurrera. Tenperatura maximoak gutxi jaitsiko dira". Bihar, "eguzkitsu egongo da, tarteka hodeitsu. Goizaldean hego-haizea oso indartsu ibiliko da; orduak pasa ahala indarra galduz joango da. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez, maximoak gutxi edo nahikoa igoko dira".

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus