Ostalaritza hizpide

Saizar sagardotegia: “Gertuagok herriko ostalaritzari lagundu dio”

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 21a, 10:44

Usurbilgo ostalari eta merkatariekin NOAUA! egiten ari den errondaren baitan, Saizar sagardotegikoekin bildu da hedabide hau; covid19aren eraginaz, Gertuago kanpainaz edota egin behar izan dituzten egokitzapenez aritu gara solasean.

NOAUA! Txotx garai bete-betean harrapatu zintuzten konfinamenduak.
Saizar Sagardotegia: Bai, txotx denboraldiaren momentu indartsuenean gainera. Otsaila, martxoa batez ere eta apirila izaten dira hilabeterik potenteenak. Konfinamendu aurreko bi asteak ere gogorrak izan ziren; jendeak bazuen halako beldur bat, eta hor bagenekien zerbait zetorrela. Nolabait txotx denboraldia izorratu zigun konfinamenduak.

Sagardo salmentek, ordea, aurrera jarraituko zuten, ezta?
Sagardotegia itxi egin behar izan genuen, baina edari salmentetan ere lan egiten dugu, eta behintzat horri eusteko aukera izan genuen. Supermerkatu eta saltoki handiei saltzeko beharra geneukan, eta bide horri heldu genion. Partikularrei ere saltzen jarraitu genuen, elikagai enpresei ere bai, baina antzeman genuen ostalaritza geldituta zegoela. Tabernak eta jatetxeak itxita zeudela antzeman genuen, baina jarraitu genuen beste bide horietatik martxari eusten.

Behin konfinamendua amaituta nola ekin zenioten berriz sagardotegiko martxari?
Desiratzen geunden jarraitu beharreko neurriak plazara zitzaten, ahalik eta modurik onenean neurriak ikasi eta segurtasuna bermatuz ateak ireki ahal izateko. Nahiko denbora pasatu zuten neurriak finkatzen, baina ezarri bezain pronto ekin genion lantaldea trebatzeari eta lan egiteko modu berria ikasita, berehala jarri ginen martxan. Jada ohitu gara neurri berrietara eta berriz ere hartu diogu martxa. Oraintxe hamar pertsonek jaten dute mahai berean gehienez, musukoarekin beti, eskuak garbitzeko gel hidroalkoholikoa daukagu sarreran...

Urte arraro honetan bodega irekita daukazue orain?
Orain ere bodega irekita daukagu kupel gutxi batzuekin, eta edukiera neurriak kontuan hartuta kupeletik sagardoa hartzen jarrai dezakegu. Botilari ari gara garrantzia ematen sagardotegian, eta hala jarraituko dugu txotx denboraldia hasi arte behintzat.