Ostalaritza hizpide

Aialde Berri sagardotegia: “Inoiz baino gehiago saldu dugu aurten”

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 21a, 10:47

Usurbilgo ostalari eta merkatariekin NOAUA! egiten ari den errondaren baitan, Aialde Berri sagardotegikoekin bildu da hedabide hau; covid19aren eraginaz, Gertuago kanpainaz edota datorren txotx garaiaz aritu gara solasean Salome Porturekin.

NOAUA! Sagardotegietako lana neguko lana dela esan ohi da, eta negu bete-betean harrapatu gintuen konfinamenduak.
Salome Portu, Aialde Berri sagardotegia: Martxoaren erdialdean tokatu zen konfinamendua, justu lan gehien eta etekin gehien ateratzen dugun hilabetean. Buru-belarri ari ginen lanean, eta bigarren astebururako zapuztu zen dena. Egoera horrela tokatu zen, eta orduan amaiera eman genion denboraldiari. Udan ez dugu inoiz irekitzen ez daukagulako horretarako ohiturarik, eta aurten ere halaxe egin dugu. Sagardotegi batzuek udan irekitzeko erabakia hartu dute, baina guk ez. Datorren denboraldia prestatzen ari gara jada, txotx denboraldiarekin batera sagardotegiko ateak irekitzeko. Egoeraren arabera izan beharko du horrek ere, baina behintzat ideia horrekin gabiltza.

Salmentan eraginik sumatu duzue egoera honen ondorioz?
Egia esan, inoiz baino sagardo gehiago saldu dugu aurten. Konfinamenduaren ondorioetako bat izan zen janari dendak irekita mantentzea eta sektorean inoiz baino lan gehiago izatea, eta guk zenbait dendatan saltzen dugu sagardoa. Horren guztiaren ondorioz, aurten asko saldu dugu. Badirudi etxeko kontsumorako sagardoak arrakasta izan duela, eta oso ongi saldu da. Oraindik ere saltzen jarraitzen dugu, eta martxotik gure etekin guztiak hortik atera ditugu.

Gertuago kanpainak ere lagunduko zuen, ezta?
Salmentetarako hartu dugu parte Gertuago kanpainan. Internet bidez erosketak egitera ez dago ohituta jendea, dendetan edo zuzenean erosten digu guri. Beraz, guk zentzu horretan hartu dugu parte. Aurrerago Udalak urtarriletik aurrera bonu berriak aterako balitu sagardotegira jende gehiago animatuko litzatekeela iruditzen zait, baina ez dakit sistema honekin jarraitzeko asmorik baduten. Hala balitz gu prest parte hartzeko.

Txotx garaia begibistan da.
Erregeen Egunaren ondoren hasi ohi gara. Aukera desberdinak aztertzen ari gara aforo kontuak eta zirkulazioa behar bezala zaintzeko. Egoerak erakutsiko digu zein urrats eman behar ditugun.