Merkataritza hizpide

Solozabal Autoeskola: “Aurten ikasle pilaketa askoz ere nabariagoa izan da”

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 22a, 09:12

Usurbilgo ostalari eta merkatariekin NOAUA! egiten ari den errondaren baitan, Solozabal Autoeskolan izan da hedabide hau; covid19aren eraginaz edota Gertuago kanpainaz aritu gara solasean.

NOAUA! Konfinamenduak azterketa teoriko eta praktikoak zapuztu zituen. Ikasle askorentzat egoera zaila izango zen, ezta?
Solozabal Autoeskola: Hiru hilabete geldirik egonda azterketa praktikoa egitea ez da erraza. Jende askok egunero hartzen du autoa lanera joateko edo dena delakoa, baina hilabete batzuk geldirik egoteak ez du eragin berezirik izaten haiengan. Ikasten ari den norbaitentzat oso gogorra da, segituan galtzen baita praktika. Asko gero azterketara joan ziren, besterik ez bada ere probatzera, baina egoera ez zen batere samurra izan.

Oraindik ere azterketarako izena eman nahi eta ezinean ari den jendea badaukazue, atzerapen horren ondorioz zain jarraitu behar duena?
Tamalez bai. Guk azterketa bakoitzera ikasle kopuru txiki bat baino ezin dugu eraman, eta ikasle asko prestatzen badira ere data jakin baterako, askotan ez dago lekurik denentzat. Urtero uztailean jendea presaka aritzen da gidabaimena ateratzeko ahaleginetan abuztuan ez delako azterketarik izaten, eta hor ateratzea lortzen ez dutenak eta uda ostean lanerako edo klasera joateko gidabaimena behar dutenak irailean pilatu egiten dira urtero. Bada aurten pilaketa askoz ere nabariagoa izan da hilabeteetan ez delako azterketarik izan.

Trafiko Zuzendaritzatik ez dizuete laguntza eta irtenbiderik eman egoera errazteko?
Ez digute batere konponbiderik eman. Haiek kopuruak ongi finkatuta dituzte, eta ikasleak pilatzen badira arazoa gurea da. Trafiko Zuzendaritzako egoitzaren aurrean manifestazioa ere egin genuen “Gure azterketa noiz?” lelopean, pankarta mordo batekin, baina ez digute erantzunik eman.