Ordutegi eta ibilbide berria du Taxibusak

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 22a, 10:24

Hiru guneetan banaturiko ibilbide eta ordutegi berri finkoarekin bidean da Taxibusa. Landa eremua herri gunearekin lotzea, bi eremuak elkar hurbiltzea xede duen udal zerbitzuak herritarren mugikortasuna errazteko, zerbitzua bera eraginkortzeko urrats berriak eman ditu, txertatu dituen aldaketokin.

Covid19aren eraginez Taxibus zerbitzua etenda geratu zen martxoan. Maiatzaren 25ean berriz jarri zuen martxan Usurbilgo Udalak, baina testuinguru "berrira" egokituta; ordura arte izan zuen ibilbide zehatzik gabe, eta 65 urtetik gorako herritarrei zuzendua soilik. Urrats berri bat eman du orain Udalak. Ordutegi finko berria estreinatu eta ibilbidea hiru eremuetan banatu du. Ibilbide eta ordutegi berria ditu beraz Taxibus zerbitzuak.

"Erabiltzaileei zerbitzu eraginkorragoa ematea da helburua: batetik bestera joateko denbora gutxiago beharko dute aurrerantzean", iragarri dute Usurbilgo Udaletik. Covid19 aurreko garaian bezala, astelehenetik ostiralera bost txandatan eskainiko du zerbitzua Taxibusak. Orduotan hasiko dituzte txandok: 07:30ean, 10:30ean, 13:30ean, 15:30ean eta 19:00etan. 70 minutu beranduago amaituko dituzte. Tarte horretan, beti Kaxkotik abiatu eta udalerri erdigunera hirutan itzuliko da. Ez baita ahaztu behar, Behemendik eta Udalak sustaturiko egitasmoak, landa eremua herri kaxkoarekin lotzea, eta herri barruko mugikortasuna erraztea du helburu.

Hiru zonaldeetarako hiru ibilbide
Segidan duzue Usurbilgo Udalak argitaraturiko Taxibus zerbitzuaren ordutegi eta ibilbide berri zehatza. Hiru eremuetan banatua; eremu bakoitza kolore ezberdinez margotua. Kolore bakoitzeko ibilbideari erreparatzen badiozue, jabetuko zaretenez, berdez margotua ageri zaizuen ibilbidean, Taxibusa Kaxkotik abiatu eta Kalezar-Arratzain inguruko itzulia egingo du lehenbizi eta Kaxkora itzuliko da. Herri erdigunetik gero urdinez margoturiko ibilbidea osatuko du; Aginaga, Txokoalde, Urdaiaga eta Santuenea zeharkatuko ditu eta berriz Kaxkora itzuliko da. Abiapuntu horretatik, hirugarren itzuli bat egingo du, horiz ageri zaizuena; kasu honetan Santuenea, Zubieta eta Txikierditik igaroko da.

Berrikuntza honek, herritarren mugikortasuna erraztuko du. Lehenago helduko da joan nahi duen gune zehatzera, eta lehen igaro behar zituen hainbat zonalde ez ditu zeharkatu beharko.

Taxibusak ibilbide bakoitza bost aldiz osatuko du egunero, astelehenetik ostiralera. Hemen Usurbilgo Udalak kaleraturiko ordutegi eta ibilbide berri zehatza. Gogoan izan, Udalaren ohar hau; "ohi bezala, adinagatik edo mugikortasun arazoak dituztelako geltokira hurbildu ezin dutenek 630 64 35 96 telefonora deitu eta etxeko atarian jasoko ditu Taxibusak".