Koronabirusa

Agurtzane Solaberrieta: "Laster igaro gaitezke trasmisio altuko udalerria izatera"

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 22a, 14:28

Covid19-aren hedapena handitzen doan honetan, Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak kezka agertu du osasun krisialdiaren harira egun bizi dugun egoeraz eta datorrenaz, "aurreikuspenek, gainera, egoera are gehiago okertuko dela diote". Eusko Jaurlaritzak har ditzakeen neurri berrien zain, herri mailako egoera aztertu eta hartu beharreko neurriez hausnartzeko asmoa du Usurbilgo Udalak hurrengo astean, sektore anitzetako ordezkariekin.

Gipuzkoan oro har covid19-aren intzidentzia maila gorantz doa, eremu gorrian da duela egun batzuetatik. 20 udalerri ditu kolore bereko eremuan, 11 laranjan eta 3 horian. Alerta maila laranjan direnen artean da Usurbil. Aste hasieratik zazpi kasu berrirekin, 332,38koa izatera heldu da udalerri honek 14 eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa. 300eko langa gaindituta eremu laranjan da atzotik. 

Bizi dugun egoerarekiko kezka nabarmena erakutsi du Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak. Sare sozialen bidez adierazi duenez, "oso kezkatuta gaude positibo kasuak erruz ugaritzen ari direlako gure inguruan, baita Usurbilen ere".

Eremu laranjan kokatua dagoen udalerri honek nahiz gainerakoek azken aldian izandako bilakaeraren ondotik, Solaberrietaren esanetan, "aurreikuspenek, egoera are gehiago okertuko dela diote, eta laster igaro gaitezke trasmisio altuko udalerria izatera". Aste gogorrak datozkigula aurreratu du. 

Egoeraz eta neurriez hausnartzeko bilera erronda
Gasteizen, Eusko Jaurlaritzak datozen orduotan zer neurri hartuko zain dira Usurbilgo Udalean. "Gaur arratsaldean LABIk bilera du, eta zain gaude ze beste neurri hartuko". Datorren asterako herri mailako egoera aztertzeko asmoa du Udalak, sektore ezberdinekin. "Aste gogorrak datozkigu berriz ere, eta, ondorioz, datorren astean bilera egingo dugu herriko sektore ezberdinekin herri mailako egoeraren gaineko azterketa egin eta hartu beharreko neurriez gogoetatzeko".

Zaintzarako deia egin du, etxetik lanean aritzea egokitu behar zaion Usurbilgo alkateak. "Zaindu zaitezte eta zaindu ingurukoak. Ni neroni etxetik ari naiz lanean, inguruko batek positibo eman duela-eta, PCR proba egiteko deiaren zain".