Koronabirusa

Neurri murriztaile berriak, ostiraletik aurrera indarrean

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 22a, 21:01

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak aurreko larunbatean iragarritako neurriak ostiral honetan bertan jarriko ditu indarrean. Hauez gain, 500 kasutik gorako intzidentzia metatua izanik, eremu gorrian diren herrietan neurri gehiago. Usurbil eremu laranjan da; honenbestez, aurreko asteburuko neurri orokorrek eragingo diete bihartik udalerri honi. Xehetasunak ostegun iluntze honetan aurreratu ditu Gotzone Sagardui osasun sailburuak; ostiraleko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dute araudia.

100.000 biztanleko 400 kasutik gorako 14 eguneko intzidentzia metatua du EAE-k gaur, 1.26ko oinarrizko birsorkuntza tasa, 62 pertsona daude ZIU-n. Datuok eskutan, Covid19-aren hedapena geratu nahian, neurri murriztaile berriak onartu ditu Euskadiko Babes Zibileko Planaren aholku batzordeak (LABI taldea), ostegun arratsalde honetan egin duen bilkuran. Amaieran, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saileko sailburu Gotzone Sagarduik eginiko agerraldian iragarri duenez, bi arau argitaratuko ditu ostiral honetako Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Arauok plazaratu bezain laster indarrean izango dira.

Arauetako batek, Osasun Sailak iragan larunbatean (hilak 17) iragarritako neurriak zerrendatuko ditu. Besteak, une honetan, 14 eguneko intzidentzia tasa 500etik gorakoa duten udalerriei zuzenduriko neurri murriztaileak; eremu gorrian, gorriz margotuak dauden Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 25 udalerriei zuzenduak egongo direnak. Ez honenbestez Usurbili, Usurbil eremu laranjan baita egun. Buruntzaldean ordea, lau dira eremu gorrian diren udalerriak; Andoain, Astigarraga, Hernani eta Urnieta eta haiei eragingo diete neurri bereziok. Baita Gipuzkoako beste 16 udalerriei ere; besteak beste, udalerritik ez ateratzeko aholkuak, ostalaritza eremuko establezimenduen edota parkeen itxiera 21:00etan, hartuemanak ahal bezainbeste murriztea, ekintzak espazio irekietan gune itxiak saihestuz... 

Baina aipatu moduan, neurriok oraingoz ez diete eragingo Usurbili. Iragan larunbatean iragarritakoak bai. Osasun Sailak ostiral honetan (urriak 23), emango ditu ezagutzera xehetasunak, Euskal Herriko Agintzaritzaren Aldizkariaren bidez. Hauek dira orain arte aurreratu dituzten neurriak:  
-Talde bilerak 10etik 6 pertsonara murriztuko dira (EAE-ko Auzitegi Nagusiak neurri hau ez du baimendu).
- Aforoak % 50era murriztuko dira jarduera-eremu guztietan.
- 400 pertsonako muga jende askoko bilkuretan eremu itxietan eta 600ekoa irekietan.
- Ostalaritzako establezimenduak 24:00etan itxi beharko dira. Txoko eta elkarte gastronomikoetako jarduera debekatua.
- Parkeak eta lorategiak eta haurrentzako jolas-parkeak 23:00etatik aurrera ezingo dira erabili.
- Bertan behera geratuko dira kirol-lehiaketa ez-federatuak.
-Kasu positiboen isolamendu aldia (3 egun sintomarik gabe egon badira) eta kontaktuen berrogeialdia 10 egunekoa.
-Zaintza eta kontaktuen miaketa lanetarako 45 pertsonen kontratazioa.

Auzitegien babesik ez
Gogoan izan, Euskadiko Auzitegi Gorenak ez du babestu, bilkurak 10 pertsonatik 6ra murrizteko Osasun Sailaren agindua, oinarrizko eskubideak urratzen dituelakoan. Osasun sailburu Gotzone Sagardui auzitegiak erabakitakoarekiko desados agertu da. "Errespetatzen dugu baina ez gatoz bat inondik inora ere erabaki horrekin. Datuak ikusita, gaur inoiz baino garrantzitsuagoa zen tresna juridikoa izatea; halere 6 laguneko bilkurak gomendio izaera izango du".

Neurri hau eta gainerakoei dagokienean, herritarrei ulerkorrak izatea eta konpromisoa eskatu die "koronabirusa garaitzeko. Denon esku dago covid19-aren hedapena geratzea". Erantzukizunerako deia egin du osasun sailburuak. "Erantzukizun indibidual eta kolektiboa eskatzen dut, beharrezkoa da maskara nahitaez erabiltzea, distantzia soziala mantentzea, eskuak maiz garbitzea eta leku itxiak aireztatzea. Denon artean koronabirusa garaituko dugu".