Harria Hitz

Gidari bereziak eta txalaparta txokora bisita, larunbateko Harria Hitz pizgarri berriekin

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 23a, 09:43

Herriko kultur altxorretan barrena bidaiatzea ahalbidetzen digun Usurbilgo Udalaren ekimena pizgarri berriekin dator bultan larunbatean, urriaren 24an; goizean bi adituk bideratuko dute ibilaldia eta arratsaldean, Txokoaldeko Txalaparta Txokoa bisitatu ahalko da. Izen ematea aurrez bideratu beharra dago.

Udazkenerako ezustekoak iragarri zituzten antolatzaileek eta pizgarri berriekin bueltan dator Harria Hitz, herriko kultur altxorrak ezagutzea ahalbidetzen duten bisita gidatuak. Urriaren 24rako antolatu duten ibilaldian, bi osagai berri txertatu dituzte. "Oraingoan gidari bereziak izango ditugu, Xabier Gantzarain (arte kritikoa) eta Ismael Manterola (EHU-ren Arte Ederretako Artearen Historiako irakaslea)". Eta horrekin, goizean egingo den bisitarekin batera, bazkalosterako Txokoaldeko Txalaparta Txokora txangoa. "Usurbil euskal tradizioa eta modernitatea ederki uztartu dituen herria da eta euskal sorkuntzarekin lotura zuzenekoa.  Horrela, “Harria Hitz” ibilbide gidatuan aurrekoaren erakusle diren izaera anitzeko mugarri ugari ezagutuko dugu", aurreratu dute antolatzaileek.

Urriak 24, larunbata
11:00 Usurbilgo frontoian elkartu.
11:05 Harria Hitz bisita gidauta herrigunean, Xabier Gantzarainek eta Ismael Manterolak gidatuta.
12:00 Amaiera.
16:00 TXTXTX Txokoaldeko Txalaparta Txokora bisita.

Prezioa: 5 euro.
Izen ematea eta informazio gehiago: 688 818 017 /info@kultour.pro/ harriahitz.eus
Oharra: 15 lagunentzako lekua gehienez.
Antolatzailea: Usurbilgo Udala.