Buruntzaldeko Gazte Sortzaileak dinamika aurkeztu dute Udarregi Ikastolan

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 23a, 09:54

Buruntzaldeko Gazte Sortzaileak dinamika martxan jarri dute eskualdeko zenbait gaztek. Kulturgile, sortzaile, artista eta orokorrean kulturan lan egiten duten gazteak elkar saretu eta indartzeko elkarguneak sortu nahi dituzte ekimen berriarekin. Aurkezpen saioa Udarregi Ikastolako aretoan egin dute ilunabarrean, eta herriko hainbat gazte hurbildu dira. Aurkezpen oso dinamikoa eskaini dute, bi Guardia Zibil bailiran hausnarketa bultzatuta. Amaieran, dinamikarako espresuki prestatutako abesti bat jo eta dantzatu dute gazte sortzaileek.

COVID-19ak eragindako konfinamentu osteko aro honetan kultura arloan eragin duen ziurgabetasunari buelta eman nahi izateko horrek antolatu ditu gazteak, bakarkako jardunean dituzten zaitasunak modu kolektiboan erantzuteko premiak bultzatuta. 

 

Artea dinamikoa da eta gizartea mugitzeko ahalmena duen tresna indartsu ere izan daiteke. Garai hauetan, pandemiak ezarrarazi dituen neurriak traba ere badira hainbat mugimendu artistikorentzat, eta bide horretan gazteen berezko oldarkeria ateratzeko deia ere bada proiektua.

 

Lehenik eta behin, gazte sortzaileak elkartzea du helburu dinamikak, eta horretarako sortu dute Buruntzaldeko Gazte Sortzaileen Plaza: buruntzasortzailea.wixsite.com helbidean. Plataforma digital hori eskualdeko sortzaileen topagune eta harremantze tresna izango da. Bertan aurki daitezke Buruntzaldeko sortzaileen perfilak, kultur ekimenen agenda, Buruntzaldeko Gazte Sortzaileen dinamiken argibideak, proiektu berrien eta artista berrien beharren anuntzio taulak… Parte hartzeko galdetegi bat bete baino ez da egin behar. 

 

Horrez gain, Euskal kulturgileak kolektiboki kolpatzen dituen arazoari modu bateratuan aurre egiteko tresna ere izan nahi du dinamikak. Kultura pairatzen ari den bazterkeria salatu eta arnasguneak eskaintzeko ekimenak eta aldarrikapenak egiteko ere balio du proiektuak.

 

Inguratzen gaituen munduarekiko kritikoa eta konprometitua den kulturgilearen figura ere aldarrikatu nahi dute. Eskualdeko herriak zipriztinduko dituen artegintza dinamika eta gogoeta espazio bilakatu nahi dute proiektua, eta euskara zentrora eraman. Gazte sortzaileren batek proiektuan parte hartu nahi badu, izena eman dezake Buruntzaldeko Gazte Sortzaileen Plazan, buruntzasortzaileak@gmail.com helbidean.