Ezohiko denboraldia

Ezohiko denboraldiko kirol taldeen neurketak martxan

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 23a, 08:00

Astebururako futbol eta eskubaloi partidak iragarri dituzte Usurbil F.T.-k eta Usurbil Kirol Elkarteak hurrenez hurren, Haranen eta Oiardo Kiroldegian. Ezohiko denboraldia bizi dute herriko klubek. Harane momentuz zaletuentzat itxita dago. Eskubaloi partidak online zuzenean ikusteko 1.000 jarraitzaile biltzeko erronka jarri dute martxan. 900 bildu dituzte jada.

Futbol partidak Haranen
Covid19 garaiko kirol denboraldia hasi ahal izan dute kirol taldeek. Ezohiko neurri eta baldintza artean ordea. Kalezarko Harane futbol zelaia horren lekuko argia da. Neurketak jokatzen hastekoak dira bertan, Usurbil F.T.-tik aditzera eman dutenez. Iragan larunbatean erregional preferenteen mailako emakumezkoen arteko partida jokatu zuten.

Asteburu honetan beste hiru partida iragarri dituzte. Neurketa ofizialak, baina entrenatzaile eta jokalariekin soilik, zaletuen parte hartzerik gabe.

Urriak 24, larunbata
11:30 Kadeteak: Usurbil FT A-Zumaiako
15:30 Preferente mutilak: Usurbil FT-Tolosa

Urriak 25, igandea
11:00 Kadete neskak: Usurbil FT-Martutene


Eskubaloi partidak online ikusteko jarraitzaile bila
Bizi dugun ezohiko osasun krisialdia tarteko, lehendik zeuden dinamikei eusteko alternatibarik eta bestelako bideak jorratzeko sormenik ez da falta. Ezta kirol munduan ere. Covid19-a gure artera heldu aurretik ere herriko kirol taldeen neurketak bertako instalakuntzetan gertutik jarraitzeko aukera bazen. Lehendik ere baziren segurtasun mugak ordea zorroztu egin behar izan dira pandemia garaiotan, kirol taldeen hainbat neurketa zaleturik gabe jokatu behar izatera heltzeraino.

Testuinguru honetan, Usurbil Kirol Elkartetik erronka berezi bat jarri dute martxan. Youtuben zabalik duten "Usurbil KE eskubaloia" kanalean 1.000 jarraitzaile izatera heldu nahi dute. Zertarako? Herriko eskubaloi taldeen partidak zuzenean plataforma honen bidez ikusi ahal izateko. "Usurbil K.E.-ko partidak zuzenean ikusi ahal izateko, 1000 jarraitzaile lortu behar ditugu kanalean", halaxe dio egunotan whatsapp bidez bolo-bolo dabilen mezuak. Albiste honi atxikitako bideoan, Pako Agudo herritarrak erronka honetan parte hartzeko luzaturiko gonbita.

Eskubaloi elkarteak Youtuben duen "Usurbil KE eskubaloia" kanaleko jarratzaile bilakatzea eskatzen dute. Egitekoa erraza da; sartu Youtube.com atarian eta bilatzailean "Usurbil KE eskubaloia" kanala idatzi. Kanalean sartuta, herriko kirol klubera harpidetzeko aukera izango duzu. Ostiral goiz honetarako 900 jarraitzaile zituen eskubaloi elkarteak.

Klubetik bertatik jakinarazi dutenez, igandean ospatzekoa da hurrengo eskubaloi neurketa Oiardo Kiroldegian:

Urriak 25, igandea
10:45 Kadete mutilak, preferente Euskal Liga: Usurbil K.E.-Egia Indaux