"Udazkena liburutegian"

"Basolatik berri onik ez" argitalpen berria aurkeztu berritan, Sutegin izan da Joseba Larratxe

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 23a, 09:33

"Udazkena liburutegian" zikloaren estreinaldian parte hartu zuen ostegun arratsaldean Sutegin. Iaz Yurre Ugarterekin elkarlanean plazaraturiko "Joana Maiz" lanaz solasean aritu ziren kultur etxeko auditorioan. Goizean Asisko Urmenetarekin beste proiektu berri bat aurkeztetik zetorren Joseba Larratxe; "Basolatik berri onik ez".

Iaz Yurre Ugarterekin elkarlanean plazaraturiko "Joana Maiz" eleberri grafikoa aurkezteko baliatu zuten ostegun arratsaldean Sutegin ospatu zuten Euskarazko Literatura Solasaldia. Pandemia aurretik liburutegian bertan antolatzen zituzten hitzorduok, oraingoa ordea, ondoko irudian ikus dezakezuenez, auditorioko oholtza gainean egin zuten. "Udazkena liburutegian" ekitaldi zikloko lehen hitzordua izan zen atzokoa.

"Erresistentzia da Joana Maizen gakoetako bat. Joseba Larratxe eta Yurre Ugarteren lehenengo nobela grafikoaren protagonistak, Joana Maizek, uko egingo dio euskal historia kanonikoaz diharduen gidoia filmatzeari, eta castingean baztertutako atsoa berreskuratuko du,bere bertsioaren ardatz bihurtzeko; etxetik kaleratua izatekotan den andre zaharra. Bizi-une ezberdinetan dauden bi antigona hauentzat, erresistentzia izango da jarrera askatzaile bakarra". Hortxe "Joana Maiz" argitalpenaren abiapuntua.

Lan berria kalean
"Udazkena Liburutegian" izeneko zikloa estreinatu zuen Larratxerekin atzo eginiko solasaldiak. Goizean, Asisko Urmenetarekin landu duen "Basolatik berri onik ez" 64 orrialdeko lan berria aurkeztetik zetorren. "XVII. mendea, Orbaizetako arma ola, bertako lanbide desberdinetako pertsonaiak, izaki fantastiko batzuk… osagai epiko eta fantastikoekin landu dute Asisko Urmenetak eta Joseba Larratxek Basolatik berri onik ez komiki albuma, 2017ko otsailean lau hilero Xabiroi aldizkarian argitaratutako atalen bilduma". Asiskok gidoiak landu ditu, Larratxek irudiak. Xabiroi, Ikastolen Elkarteak duela urte batzuk kaleratzen hasitako komiki aldizkaria duzue. "Basolatik berri onik ez" urtero argitaratzen duten Xabiroi bildumaren 13. albuma da hain zuzen.


"UDAZKENA LIBURUTEGIAN"
Urriak 27, asteartea
18:00 Ixabel Agirresaroberen ipuin kontaketa saioa.
Tokia: Sutegi aretoa.
Nori zuzendua: 4/5 urtekoei.
Oharrak:
-Segurtasun berme guztiekin.
-Gonbidapenak, usurbilkultura.eus bidez eskuratu beharko dira; haurrak heldu batek lagunduta etor daitezke.
-Aforoa: 94 lagun.
-Izen emate epea: urriak 25.

Urriak 29, osteguna
18:00 Ixabel Agirresaroberen ipuin kontaketa saioa.
Tokia: Sutegi aretoa.
Nori zuzendua: 6 urtetik gorakoei.
Oharrak:
-Segurtasun berme guztiekin.
-Gonbidapenak, usurbilkultura.eus bidez eskuratu beharko dira.
-Aforoa: 94 lagun.
-Izen emate epea: urriak 27.
Antolatzailea: Usurbilgo Udala.

Azaroak 11, asteazkena
19:00 Gaztelerazko literatura solasaldia Harkaitz Canorekin. Idazlearen "Enseres de ortopedia inútil" ipuin bilduma.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Zehaztasunak: "Idazlea bera gure artean izango da, eta bidelagun edo bitartekari lanak, Ana Merino usurbildarrak egingo ditu. Liburuak eskuragarri ditugu Liburutegian, beraz, saioan parte hartu nahi duenak, Liburutegitik pasa eta ale bat har dezake".