Gauean haizeagatik abisu horian izango gara

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 24a, 08:24

Aste honetan bigarren aldiz gau haizetsua datorkigu; oraingoan ez asteazken goizaldekoaren tamainakoa. Alerta laranjan ginen orduan eta kalte arinak eragin zituen haize denboraleak; hainbat zuhaitz jausi ziren zenbait bideetan. Oraingoan abisu horian izango garela ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak; larunbat gaueko 21:00etan hasi eta igande goizeko 9:00ak arte.

Kalte arinak eragin zituen asteazken goizaldeko haize boladen ostean, berriz ere haizetsua datorkigu larunbat gau hau. Duela hiru egun alerta laranjan izatera heldu ginen, oraingoan abisu horian izango gara, larunbat iluntzeko 21:00etan hasi eta hamabi orduz, igande goizeko 9:00ak arte. "Gauean hego-mendebaldeko haize-boladak 100 km/h ingurukoak izan daitezke haizeguneetan, bereziki mendebaldeko mendi inguruetan. Bestalde, haizeguneak ez diren lekuetan, haize-boladak 60-80 km/h ingurukoak izan daitezke", Euskalmet meteorologia agentziak iragarri duenez.

Goizaldean zertxobait gogortu daitezke haize boladok. "Goizaldean eta goizean goiz hego-mendebaldeko haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete haizeguneetan, bereziki mendebaldeko mendi inguruetan. Bestalde, haizeguneak ez diren lekuetan, haize-boladak 60-80 km/h ingurukoak izan daitezke, bereziki goizaldeko lehen orduetan eta mendebaldean; kasu horretan, haize-boladak 80 km/h-koak izan daitezke", Euskalmet-ek ohartarazi duenez.

Larunbat honetan gainerakoan, Usurbilen "eguzkitsu egongo da. Hego-mendebaldeko haizea indartu egingo da, bolada gogorrekin arratsalde-gau partean. Tenperatura maximoak gutxi igoko dira".

Igandean aldaketa. "Goizetik aurrera goibel eta euritsu. Arratsaldetik aurrera ekaitzak jo dezake. Goizean goiz hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin; goizean ipar-mendebaldera aldatuko da. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez, azken orduetan neurtuko dira; maximoak nahikoa jaitsiko dira".

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus