“Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka”

Errigoraren udazkeneko kanpainako produktuak eskatzeko garaia

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 24a, 09:14

Larunbat honetatik eta ia hiru astez, Nafarroa hegoaldean ekoitzitako produktuak eskatzeko aukera duzue, Errigorak abiatu duen "Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka" kanpainaren baitan. Ohi bezala, jasotako laguntzaren laurdena bertako euskalgintza suspertzera bideratuko dute. Usurbilen, eskaerak errigora.eus ataritik edota astelehenetik aurrera NOAUA! Kultur Elkartearen egoitzan bertan bideratu ahalko dituzue. Produktu goxo askoez hornituriko hiru saski dituzue aukeran.

“Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka” egiteko gonbita luzatuz bueltan datoz eremu hartan ekoitzitako produktu goxoak eskuratzeko kanpainaren edizio berria. Dakizuenez produktuon salerosketa sustatzearekin batera, jasotako laguntzaren %25a bideratuko dute urtero moduan zonaldeko ikastoletara, baita Sortzeni, AEK-ri eta Agerraldia egitasmoari ere. Azken egitasmo honek euskararen ezagutza eta erabilera bultzatu nahi du “Ager vasconum” deituriko zonaldean, “Garestik Kortesera eta Zangozatik Vianara” doan eremu horretan, tokiko euskaltzaleen laguntzaz. “Espazio berriak ezezik, euskararekiko begirada berriak irabazi nahi ditugu”. Helburuok betetze aldera, agenda oparo askoa osatu dute datorren urterako, euskaltzale eta eragile anitzen laguntzaz.

3 saski
Produktu anitzez osaturiko hiru saski ezberdin jarri ditu Errigorak herritarren eskura; produktu gehigarri bereziekin; “aurten elkartasuna biderkatuko dugu; ohiko saskiez gain, Korrikaren katiluaren, Seaskaren egutegiaren eta D ereduaren hazien bidez, zoritxarra zorion bihurtuko dugu. Ez dira garai onenak Herri Urrats, Korrika edo Sortzenen jaiak ospatzeko, baina izan bitez oparoenak elkartasunari ekiteko”. Eskaerak egiteko epea zabalik da.

Epea: 
urriak 24-azaroak 12.
Eskabideak non: errigora.eus ataritik edota NOAUA! Kultur Elkartearen egoitzan.
Produktuen banaketa: azaroaren 26an eta 27an, 9:00-14:00 artean NOAUA! K.E.-ren egoitzan.
Saski motak:
1-Saski beltza (betikoa): orburuak, pikillo marmelada, pikillo piperrak, zainzuri zuriak, teilak, tomate frijitua, mertxika almibarretan, oliba-olio birjina estra, kardua, mahats-zukua, botila ardoa, potxak eta piper-mamia. Baita Korrikaren katilua ere.
Prezioa: 55 euro.
2-Saski berdea (ekologikoa): txitxirioak, ardo-ozpina, oliba-olio birjina estra, barazki-menestra, pasta, orburuak, pikillo piperrak, arroza, zainzuri zuriak, botila ardoa, udare-zukua. Baita Seaskaren egutegia ere.
Prezioa: 65 euro.
3-Saski zuria (berezia): orburuak, pikillo piperrak, zainzuri zuriak, botila kriantza, txokolatezko zigarretak, patxaran-pastak, patxarana, oliba-olio birjina estra, ardo zuri apartsua, arbendol-polboroiak. Baita D ereduaren haziak ere.
Prezioa: 75 euro.
Informazio gehiago: errigora.eus