Koronabirusa

Eskola Kirolak ohiko jardunari eutsiko dio

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 24a, 09:33

Astelehenetik aurrera Eskola Kirolari eutsiko diola berri eman du Usurbilgo Udalak; "saioak bai, baina lehiaketarik gabe". Eremu honetako eragileekin bildu da gaur goizean.

Covid19-aren hedapenari aurre egiteko, hauxe da hitzez hitz, Eusko Jaurlaritzak onartu eta jada martxan dituen neurri murriztaile berrien artean, Gasteizek Eskola Kirolari buruz argitaraturikoa ostiral honetako (urriak 23) Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: "Bertan behera uzten dira 2007. urtean eta hurrengoetan jaiotako ikasleek parte hartzen duten eskola-kiroleko lehiaketak, hau da, eskola-orduetatik kanpo eta eskolatze-aldian (16 urtera arte) ikastetxeetan, kirol-instalazio publikoetan edo pribatuetan (kirol-klubetan, esaterako) egiten diren kirol-jarduera antolatuak".

Jaurlaritzak Eskola Kirolari buruz aipaturikoak sortu dituen zalantzak argitze aldera, astelehenetik aurrera Eskola Kirolak "ohiko jardunari eutsiko diola, intzidentzia tasak eremu laranjan jarraitzen duen bitartean" iragarri du Usurbilgo Udalak. "Saioak bai, baina lehiaketarik gabe", Udalak zehaztu duenez. Usurbil momentuz, eremu laranjan da; ostiralean 427,35eko intzidentzia tasa zuen. Asteburuko datuak, astelehenean jakinaraziko ditu Osasun Sailak. Larunbat honetan, Gipuzkoan azken 24 orduotan 620 kasu positibo berri izan direla berri eman du, EAE mailan 1.212.

Egoera berrira egokitzeko neurriak
500 kasuko intzidentzia izatera helduko balitz, eremu gorrira igaroko litzateke Usurbil. Udalerri hau egoera horretan aurkituko balitz, "aldaketak izango dira. Udaberrian ez bezala, dena bat-batean bertan behera ez uzteko asmo irmoa du Udalak: bestelako aukerak landuko dituzte". 

Udalak gogorarazten duenez, "segurtasun neurriek diote taldekako jarduera fisikoa debekatua izango dela. Hori gertatuko balitz, egoera berrira egokitutako neurriak hartu beharko dira, eta haurrekin etenaldiaren zergatiak lantzea bultzatuko du".

Bitartean ordea, Usurbilek eremu laranjan jarraitzen du gaurkoz. "Edukiera %50era mugatuta, Eskola Kirola egin daiteke. Usurbilgo kasuan, ikasturte berrirako egindako antolaketak ahalbidetzen du ohiko jardunarekin jarraitzea".

Ardura kolektiboaren garrantzia nabarmenduta, "lasaitasunerako eta elkar zaintzarako deia egin du" Udalak. Eskola Kirolaren inguruan hitz egiteko kirol eragileekin batu da Udala larunbat honetan.