17. Laburbira Sutegin

Euskarazko film laburren igandeko proiekzioa ikusteko lekua bada oraindik

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 24a, 13:57

Covid19-ak martxotik udazken honetara atzerarazitako euskarazko film laburren 17. Laburbira emanaldia antolatu du NOAUA! Kultur Elkarteak igande honetarako (urriak 25), 18:00etan Sutegin. Bertaratzeko aldez aurretik izen emateko usurbilkultura.eus atarian zabaldutako izen ematea itxita dagoen arren, oraindik bada lekua.

Izatez alarma egoera indarrean jarri zen lehen igande hartarako, martxoaren 15erako genuen antolatua hitzordua; ezinbestean ordea atzeratu beharrean aurkitu zen NOAUA! Kultur Elkartea. Orain bai, prebentzio neurriak hartuta, urriaren 25ean (igandea baita), 18:00etan Sutegiko auditorioko butaka erosoetan eseri eta azken aldian, euskaraz sortu diren film laburrez gozatzeko gonbita luzatzen dizuegu.

Ohi bezala Euskal Herrian barrena eta atzerrian zehar bidaiatuko duen 17. ediziora heldu den Laburbira bueltan datorkigu Usurbila, urtero moduan NOAUA! K.E.-ren eskutik. 9 ikus-entzunezko lan labur proiektatuko ditugu. Guztira, ordubete pasatxoko (73 minutu) emanaldia. Filmotako baten zuzendaria ere, Amaia San Sebastian gure artera etorri eta berarekin solasteko aukera izango dugu. Guztia doan. Bizi dugun osasun krisialdia tarteko ordea, aurrez eman beharra zegoen izena usurbilkultura.eus atarian, urriaren 22a baino lehen. 

Epe horren baitan izena eman zenutenok email bidez jasoko zenuten QR kodea (horrela ez bada izan, spam karpetan begiratu) erakutsi beharko duzue Sutegiko auditoriora sartzerakoan. Sarrerarik ez duzuenok bertara agertu, bada lekua oraindik. Guztira 80 pertsonentzako aforoa dugu.

9 film labur

"Gau Beltza" (Euskaltzaleen Topagunea).
“Jaiak euskaratik eta euskaraz antolatu eta bizitzearen garrantziaz jabetuta, berrasmatzeko bidea abiatu duen jai baten zabalpenean murgildu da Euskaltzaleen Topagunea. Dokumental honek egindako ibilbidea jaso, eta datorrenari bidea zabaltzen dio”.



Urak dakarrena
“Hondartzara bidean zihoazen neska bik zorro bat aurkitzen dute lurrean. Zeinena ote da? Ze misterio gordetzen du zorro horrek?”.

Zuzendariak eta gidoigileak: Leire Icaran, Nerea Ansola, Goretti Serrano, Naia Arantzamendi. 


Anti (Josu Martinez)
“1920ko negua da Bizkarsoro herri ttipian. Gerla Handiaren biharamunean, haurrei irakurtzen eta idazten irakasteko aitzakiarekin, eskola publikoak euskaraz mintzatzea debekatzen die, zigor eta umilazioen bidez”.


"Tigre bat" (Amaia San Sebastian).
“Emakume baten gorputza, emakume berarena, erakusleku bihurtzen da guretzako. Emakumeak zer jantzi, zer estali eta zer ez erabakitzean, guk berari etiketak jartzeko, gure aurreiritziak eta bildurrak beregan botatzeko”.


"Pil Pil" (Kristina Zorita)
“Gau bat. Biribilgune bat. Keinukariak. Polizia auto baten keinukariak. Afari luze baten ondoren, bi neska gazte alkoholemia kontrol batean gelditzen dituzte. Horietako bat polizia batekin lehia dialektiko batean hasten da nork egin bakailu onena. Indarrak neurtu ez, eta neskak polizia-etxean bukatzen du zerratuta.  Euforia jaitsita, atxilotuak sineskaitz heltzen dio gau surrealistari”.


"Mamarro" (Ibon Iza Totorika).
“Umeek eta mozkorrek ez dute gezurrik esaten, hori dio esaera zaharrak, hala ere, batzuetan jolasak joko bihurtzen dira”.


"Kateak" (Yolanda Mazkiaran).
“Paleolitikotik gaur egun arte Euskal Mitologiaren Andereak jasan dituen eraso handien kontakizun laburra”.


"Jauzi eta prixt" (Maitane Eyheramonho).
“Irudi eta dantzaren bidez, film labur esperimental honetan, ondare, kultura, feminismo eta familiaren kontuak islatzen ditu Maitane Eyheramonho zinemagileak”.



"Harria Herria" (Janire Etxabe).
“Dantza bertikalaren estetika eta ikusgarritasuna, gizakiak suntsitutako espazio natural batera ekarria: harrobiko horma lakarrak leunduz, dantzaren edertasuna. Emakumea protagonista bertan: soketatik zintzilik, eskalatzeko grina antzeztuz, dantzaren espresio librerako. Proiektuan bost dantzari bertikalek, eskalatzaile batek, Oreka TX taldeak, Miren Narbaiza kantariak eta Karmele Gisasola Euskal Herriko harri-jasotzaile txapeldunak parte hartu dute”. 

Informazio gehiago: https://irudienea.topagunea.eus/topagunea/laburbira-2020/