#covid19

Bertan behera, igandeko Buruntzaldeko Ibilbideen 13. Eguna

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 24a, 13:02

Igandeko Buruntzaldeko Ibilbideen 13. Eguna bertan behera utzi du antolakuntzak, covid19-a inguruotan izaten ari den hedapenagatik.

"Ibilaldi guztietan eremu gorrian dauden herriren bat dagoenez, bertan behera gelditu da Buruntzaldeko Ibilbideen 13. Eguna", berri eman du antolatzaileetako batek, Usurbilgo Udalak, sare sozialen bidez.

Tipi-tapa eskualdeko bidezidorretan barrena ibiltzeko aukera aparta eskaintzekoa zen iganderako, urriaren 25erako iragarria zegoen Buruntzaldeko Ibilbideen Eguna. Bost ibilbide osatzeko aukera izatekoak ginen,  “zailtasun eta distantzia desberdinekoak, herriotan jarritako panelei jarraituz egin daitezkeenak. Lehiatzeko ez den eta edozein pertsonarentzat egokia den jarduera egiteko eta Buruntzaldeko landa-ingurune naturala ezagutzeko aukera izango dute parte-hartzaileek” antolatzaileen esanetan. Bidean zehar, nondik jo, eta informazio interesgarridun panelak egokituak dituzte udalerri parte hartzaileek (Andoain, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil). Bertan dauden QR kodeak eskaneatuta, Navi Ruta aplikazioaren eskutik, ibilbideei buruzko informazioa jaso ahal dugu: nondik abiatu, nondik segi, interes guneei buruzko xehetasunak…

Baina beste batean beharko du. Koronabirusak baldintzaturiko edizioa izan da aurtengoa. Antolatzaileek bizi dugun ezohiko osasun krisialdira egokitua zuen ekimena. “Aurten ez da kontrol eta anoa punturik jarriko, eta ez da autobus zerbitzurik izango”. Lehen parte hartzea modu presentzialean egiaztatu beharra izaten zen, oraingoan aldiz, zereginotarako webgune bat prestatua zuten antolatzaileek. Parte hartzea saritzekoak ziren; “ibilaldiaren osteko egunetan opari bana emango zaie norbere herriko kiroldegian”.

Bost ibilbideon ezaugarrien berri duzue segidan:
ANDOAIN – LASARTE-ORIA. Buruntza mendia zeharkatuz edo gailurra eginda. Koloreak: urdina eta urre zaharra; 7,9 km. Oinez soilik egin daiteke, eta beharrezkoa da mendiko oinetakoak erabiltzea.

ANDOAIN – URNIETA. Koloreak, urdina eta berdea; 4,8 km. Oinez edo bizikletaz egin daiteke, eta beharrezkoa da kirola egiteko oinetakoak erabiltzea.

ANDOAIN – USURBIL. Andatzatik barrena. Koloreak, urdina eta laranja; 14,9 km. Oinez soilik egin daiteke, eta beharrezkoa da mendiko oinetakoak erabiltzea.

LASARTE-ORIA – URNIETA. Koloreak, urre zaharra eta berdea; 3,9 km. Oinez edo bizikletaz egin daiteke, eta beharrezkoa da kirola egiteko oinetakoak erabiltzea.

LASARTE-ORIA – USURBIL – AGINAGA. Koloreak, urre zaharra eta laranja; 9 km (Santuenetik barrena Aginagako Mapil ingururaino). Oinez edo bizikletaz egin daiteke, eta beharrezkoa da kirola egiteko oinetakoak erabiltzea.