Koronabirusa

Eusko Jaurlaritzak gaur iragarriko ditu neurri murriztaile berriak

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 26a, 11:44

Espainiako Gobernuak igandean iragarri eta martxan jarritako alarma-egoera zer modutan aplikatu erabakitzeko bildua da astelehen goiz honetan Eusko Jaurlaritzaren "Bizi Berri Planaren" jarraipen batzordea. Arratsaldean, EAE osorako, Usurbilerako baita beraz, neurri murriztaile berriak iragartzekoa da.

Espainiako Gobernuak iragarritako alarma-egoera martxan da igandeaz geroztik, momentuz 15 egunez, azaroaren 9ko gauerdira arte, baina sei hilabetez, maiatzaren 9ra arte luzatzea nahi du.  Besteak beste etxeratze-agindua jarri du indarrean Madrilek, 23:00-06:00 artean, 6 pertsonetara murriztu ditu bilkurak eta mugatu egin ditu baita autonomia erkidego batetik bestera igarotzeko joan-etorriak. Halere, autonomia erkidegoen esku utzi du, neurri hauek malgutu edo gogortzea; esaterako, gaueko etxeratze-aginduaren hasiera eta amaiera ordua ordubete aurreratu edo atzeratu dezake erkidego bateko gobernuak. Alegia, gehienez jota, gaueko etxeratze-agindua 22:00etan hasi eta goizaldeko 07:00ak arte luzatu dezake autonomia erkidego bateko gobernuak.

Neurri hauez gain, murrizketa gehiago iragar ditzake astelehen honetan Eusko Jaurlaritzak. Astelehen goiz honetan, "Bizi Berri Planaren" jarraipen batzordea bilduta dago, Espainiako Gobernuak iragarri eta martxan jarritako alarma-egoera zer modutan aplikatu erabakitzeko. Arratsaldera arte ez dituzte ezagutaraziko. Eusko Jaurlaritzaren asmoa, ahalik eta neurri "egokienak, proportzionatuenak eta orekatuenak" izatea nahi dutela aurreratu dute.