Koronabirusa

Gauerako etxeratze-agindua eta herri arteko mugikortasuna mugatu ditu Eusko Jaurlaritzak

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 26a, 19:23

Gehienez sei pertsonako bilkurak, gauez 23:00-06:00 artean etxeratze-agindua, EAE-ra ezin sartu, EAE-tik ezin atera, eta norberak bizileku finkoa duen udalerritik ere ezingo da atera. Mugikortasun neurriak hautsi ahalko dira, Espainiako Gobernuak indarrean jarritako alarma-egoeran aurreikusiak dauden salbuespen kasuetan.

Espainiako Gobernuak iragarritako alarma-egoeran aurreikusitako neurriak gogortu ditu Eusko Jaurlaritzak. Datozen orduotan Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den "lehendakaritza dekretuak" EAE osorako zenbait neurri murriztaile jasotzen ditu; batetik, gau parterako etxeratze-agindua 23:00-06:00 artean.

Horrekin batera, mugikortasuna ere mugatu egin du Eusko Jaurlaritzak; ezingo da ez EAE-n sartu ezta EAE-tik atera ere. Beste modu batera esanda, ezingo da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa herrialdeek osatzen duten autonomia erkidegora sartu ezta bertatik atera ere. Neurri "osagarri" gisa, Gotzone Sagardui osasun sailburuak agerraldi bidez iragarri duenez, udalerrien arteko mugikortasuna ere mugatu du Eusko Jaurlaritzak. Hau da, norberak bizileku finkoa duen udalerritik ezingo da atera, hainbat salbuespenetan izan ezik. 

Horrez gain, gehienez 6 pertsonako bilkurak baimenduko dira bai erabilera publiko zein erabilera pribatuko eremuetan. 

Neurriok hasiera batean 15 egunerako jarriko ditu indarrean Eusko Jaurlaritzak, datozen orduotan, astearte goizeko 06:00etan aipatu du Sagardui osasun sailburuak. Espainiako Gobernuak igande honetan onarturiko alarma-egoera adierazpenaren baitan kokatzen du Jaurlaritzak bere "lehendakaritza dekretua". Egoera epidemiologikoaren ondorioz erabaki duela dekretu hau indarrean jartzea, covid19-ak eragindako infekzio kopuruari eusteko.

Salbuespenak
Bai gaueko etxeratze-aginduari dagokionean, baita mugikortasuna mugatzeko neurriak hausteko zenbait salbuespen finkatu ditu Eusko Jaurlaritzak; Espainiako Gobernuak igandean iragarri eta indarrean jarritako alarma-egoerak biltzen dituenak hain zuzen. 

Xehetasunak Estatuko Aldizkari Ofizialean dituzue. Esteka honetan: alarma-egoera