Erronka gainditua, Usurbil K.E.-ren kanalak 1.020 jarraitzaile ditu jada

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 27a, 08:00

Duela astebete Usurbil K.E. ingurutik abiaturiko erronka bete dute; eskubaloi taldeen bilguneak partidak Youtuben duen kanalaren bidez zuzenean ikusi ahal izateko 1.000  jarraitzaile bildu nahi zituzten. Aste hasiera honetarako kopuru hau gainditzea lortu dute.

Bizi dugun ezohiko osasun krisialdia tarteko, lehendik zeuden dinamikei eusteko alternatibarik eta bestelako bideak jorratzeko sormenik ez da falta. Ezta kirol munduan ere. Covid19-a gure artera heldu aurretik ere herriko kirol taldeen neurketak bertako instalakuntzetan gertutik jarraitzeko aukera bazen. Lehendik ere baziren segurtasun mugak ordea zorroztu egin behar izan dira pandemia garaiotan, kirol taldeen hainbat neurketa zaleturik gabe jokatu behar izatera heltzeraino.

Testuinguru honetan, Usurbil Kirol Elkartetik erronka berezi bat jarri zuen martxan iragan astean. Youtuben zabalik duten "Usurbil KE eskubaloia" kanalean 1.000 jarraitzaile izatera heldu nahi zuten. Zertarako? Herriko eskubaloi taldeen partidak zuzenean plataforma honen bidez ikusi ahal izateko. "Usurbil K.E.-ko partidak zuzenean ikusi ahal izateko, 1000 jarraitzaile lortu behar ditugu kanalean", halaxe zioen egunotan whatsapp bidez bolo-bolo dabilen mezuak. Albiste honi atxikitako bideoan, Pako Agudo herritarrak erronka honetan parte hartzeko luzaturiko gonbita.

Eskubaloi elkarteak Youtuben duen "Usurbil KE eskubaloia" kanaleko jarraitzaile bilakatzea eskatzen dute. Egitekoa erraza da; sartu Youtube.com atarian eta bilatzailean "Usurbil KE eskubaloia" kanala idatzi. Kanalean sartuta, herriko kirol klubera harpidetzeko aukera izango duzu. Aste hasiera honetarako jada 1.020 jarraitzaile zituen eskubaloi elkarteak.