Neguko zine zikloa

"Lur eta Amets" filma NOAUA! K.E.-ren eskutik azaroaren lehenean, neguko zine zikloa abiatzeko

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 28a, 08:54

Azaroa heltzearekin batera, abiatzera doa urte garai honetan Usurbilgo Udalak Ziortzakoekin elkarlanean antolatzen duen haur eta gaztetxoei zuzenduriko euskarazko zine zikloa. Lehen proiekzioa igande honetan bertan (azaroak 1) eskainiko da 17:00etan Sutegin, NOAUA! K.E.-ren eskutik: "Lur eta Amets". Sarrerak salgai dituzue Lizardin eta NOAUA!ren egoitzan.

Gaztetxoenei zuzenduriko euskarazko zine zikloa bueltan dator. Azarotik martxorako lehen igande arratsaldeetan haiena izango da Sutegiko auditorioa. Usurbilgo Udalak Ziortza Gazte Elkartekoekin batera film ezberdinak proiektatuko dira, guztiak euskaraz. Abiapuntu berezia izango du ordea aurtengo edizioak; “Lur eta amets” ikus-entzunezkoa proiektatuko baitu NOAUA! Kultur Elkarteak azaroaren 1ean 17:00etan Sutegiko auditorioan, 8-12 urte artekoentzat. Sarrerak 3 eurotan eskuratu ahalko dira aurrez Lizardin eta NOAUA! K.E.-ren egoitzan.

Amonaren etxean
Joseba Poncek eta Imanol Zinkunegik zuzenduriko Lotura Films ekoiztetxearen animaziozko filmak izenburuko bi pertsonaiak ditu protagonista. “Lur eta Ametsen gurasoek asteburu honetan ezkontza dute eta bikiak amona Andereren etxean utzi dituzte asteburu pasa. Baina Andereren eta bere katu Baltaxarren botereei esker, ez da asteburu arrunta izango. Bidaia batean murgilduko dira, garai eta sasoi desberdinetan abentura gazigozoak bizituz, gure historian zehar bidaiatuko dute. Beti izango dira beraiek protagonistak, Andere eta Baltaxarren laguntza ordaingabearekin. Baina, tamalez, gaiztoak, sasoi eta garai desberdinetan, ia beti izango dituzte atzetik”.

Elkarbizitza arauak
Ezohiko edizioa izango da, covid19-ak baldintzaturikoa, haur eta gaztetxoei zuzenduriko datorren euskarazko zine zikloa. Horregatik, ezinbestekotzat jo du antolakuntzak elkarbizitza arau zenbait finkatzea:
- Zine-emanaldietan ezin da ez jan eta ez edan. Zuen seme-alabek bertara jan-edan eta gozokirik ezin dutela sartu.
- 6 urtez beherako haurrek zaintzaileren batekin sartu behar dute aretoan.
- Pelikulak irauten duen bitartean, 12 urtez beherakoek ezin dute aretotik bakarrik atera.
- Zine-emanaldi bakoitzaren iraupena kontuan izatea komeni da.
- Aretorako sarrera-irteerak, modu antolatuan egingo dira.
- Aretora sartu aurretik, eskuak garbituko dira.
- Pelikulak irauten duen bitartean, 6 urtez gorakoek, musukoa jantzi behar dute.