Larunbatean Potxoenean

Gure Eskuren "Altxa" ikuskizuna eta ekitaldi politikoa zuzenean ikusgai

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 28a, 09:04

"Bizi dugun egoeraren aurrean, #altxa! egingo gara, eta herri burujabe bat eraikitzen jarraituko dugu", hortxe Gure Eskuren Usurbilgo batzordeak luzaturiko gonbita. Erreferendumaren aldeko sinadura bilketa masiboan murgilduan dagoen erabakitze eskubidearen aldeko herri mugimenduak nazio mailako "Altxa" izeneko ikuskizuna eta ekitaldi politikoa antolatu ditu larunbaterako. Covid19-ak baldintzatuta bizi dugun egoera tarteko, Gure Eskuren herrietako taldeek zuzenean eskainiko dute ekitaldia; Usurbilgo batzordeak 18:00etan Potxoenean.

Nazio mailako ekitaldi politikoa eta “Altxa!” izeneko kultur ikuskizuna deitu du larunbaterako erabakitze eskubidearen aldeko herri mugimenduak. Erika Olaizola, Iraia Elias eta Laura Penagos aktoreek, Amets Arzallus bertsolariak, eta Eñaut Elorrieta eta Dupla taldeko musikariek parte hartuko dute. Amancay Gaztañaga da zuzendaria eta Gotzon Barandiaran gidoilaria.

Bizi dugun egoera tarteko ordea, Euskal Herri osorako proiektatuko dute hamaikagara.eus atarian, eta ekitaldia zuzenean ikusteko herriz herri ere proiekzioak antolatu ditu Gure Eskuk. Usurbilgo lan taldeak aipatu moduan larunbatean 18:00etan Potxoenean. “Segurtasun tarteak ziurtatuko dira eta saio guztian zehar maskara jarrita egotea derrigorrezkoa izango da”, ohartarazi dute antolatzaileek.

Sinadura bilketa masiboa
Erreferendumaren aldeko sinadura bilketa masiboa abiatu du Gure Eskuk hamaikagara.eus atariaren bidez. Bertan eman dezakezue atxikimendua. “Erreferendum bidez erabakitzearen aldeko atxikimendu eta konpromiso pilaketa masiboa da ‘Hamaika Gara’ egitasmoa”. Horretarako zabaldu du Gure Eskuk hamaikagara.eus ataria. Bertan aurkituko dituzue kanpainaren xehetasunak eta honako manifestu hau:



HAMAIKA GARA, ERREFERENDUMAREN ALDE
Herritarron garaia da. Indarrak batu eta aurrera egitekoa. Gure bizitzetan eta komunitatean eragiten duten auziei buruz erabakitzeko eskubide osoa dugu, eta horretarako, erreferendum bidez erabakitzea posible egingo dugu. Bidea hasia dugu eta hamaika gara bertan bat egiten ari garenak.

Bizitza duina nahi dugu denontzat, eta ezinbestekoa dugu, beraz, bizitza erdigunean jartzea, eta zaintza lanak modu orekatuan berrantolatzea, pertsonen arteko harremanak eta lurrarekin eta gainerako animaliekin ditugunak eraldatzea. Justizia soziala iparrorratz, ekonomia herritarron beharren arabera antolatu nahi dugu, enplegu eta pentsio duinak geureganatu, kalitatezko osasun sistema bermatu, hezkuntza propio eta burujabe bat ahalbidetu, gorputz eta identitate guztiak aske bizitzeko baldintzak sortu, indarkeria matxistari, LGTBI+fobiari eta diskriminazio orori aurre egin, eta kultura eta hizkuntza aniztasunarekiko begirunez, euskara indartu. Gure etorkizun politikoa eraikitzea gure ardura da, eta hemen erabaki behar dugu.

Elkarrekin bizi gara, eta elkarrekin erabakiko dugu, edozein dela bakoitzaren sorterria edo hizkuntza. Inor ez da ilegala; eskubide zibil eta politikoak bertan bizi garen herritar guztionak dira, eta historikoki ukatu zaizkienei aitortu eta bermatu egin behar dizkiegu. Zentzu horretan, emakumerik gabeko erabaki guneek ez dute zilegitasunik.

Erabakiak geroz eta gutxiagoren artean hartzen dituztenak daude balantzaren alde batean; eta guk herritarron indarra jarri behar dugu bestean. Atzerakada demokratikoei herritarrok ahaldunduta, bat eginda eta demokrazian sakonduz erantzun behar diegu. Izan ere, komunitate batek bere burua gobernatu nahi duenean, bere borondatea muga bakartzat hartuta, erabakitzeko ahalmena izan behar du, herritarrok erabakitzea baita gatazkak kudeatzeko eta bakea eta bizikidetza bermatzeko giltza. Elkarrekin erabakitzeak egiten gaitu herri.

Herritarrok gure etorkizunaren jabe izan nahi dugu. Gure lurraldearen estatus politikoa eta beste lurraldeekiko harremanak menpekotasunik gabe eta askatasunez erabakitzeko aukera izan nahi dugu. Egiaz, errealitate ezberdinak bizi ditugun arren, burujabetzan sakontzeko borondatea konpartitzen dugu.

Ez dugu edozein modutan erabaki nahi, oinarri batzuen baitan baizik: informazio gardentasuna, eztabaida publikoa, deliberazioa eta kontzientzia kritikoa sustatuz, eta aukera politiko guztiei bide emanez. Erabaki nahi dugu, betiere, guztion oinarrizko eskubide eta askatasunak bermatu eta zabaltzeko baldin bada, eta inoiz ez horiek murrizteko edo gutxiengoen aurka egiteko. Funtsezkoa da elkarbizitza eta kohesioa erabaki guztien oinarri izatea, denok parte izan gaitezen.

Urrats eraginkorrak egiteko unea da, eta eragile, erakunde eta herritarrok elkarrekin egin behar dugu bidea. Denok dugu tokia bide honetan, eta norberak bakarrik bete dezake berea. Guztion ardura da. Eta herritarrok martxan gara.