Zumarteren inaugurazioa

Agurne Alkorta: "Martxan dugu gure Zumarte Musika Eskola Berria! Bejondeigula"

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 28a, 07:08

Zumarte Musika Eskolaren eta Orbeldi Dantza Taldearen aterpe berria inauguratu zuten aurreko larunbatean. Agurne Alkorta musika eskolako lehendakariak hitzaldi hunkigarria eskaini zuen. Albiste honi txertaturiko bideoan duzue ikusgai eta entzungai.

"Hemen jarri naute, zuen aurrean, hitz batzuk esateko, eta eraikin honi hasiera ona emateko. Eta nire etxeko mahaian idazten konturatu naiz milaka esker on eman behar ditudala. Eskerrik asko ugari, benetakoak eta barru barrutik ateratakoak.

Mila esker orain 35 urte baino gehiago herriko txistulari ero batzuk Usurbilen musika eskola bat sortzeko ideia izateagatik. Txus, Roman eta Iñakiren lana betirako eraikin zahar honen azpian jasoko da, usurbildar guztion musikaren aldeko borroka hasi zutelako. Uste dut inoiz ez garela izango merezi duzuen esker ona emateko gai.

Mila esker Usurbilgo Udalari azken hamar urteetan proiektu honetan murgiltzeagatik. Usurbilgo elizaren hormak egiten zenbat izerdi, odol eta negar kosta ote zitzaizkien badakigu, baina norbaitek Urko ezagutzen badu, esan diezaiola Zumarteren hormak ere bere lana izan zutela eta kanta bat eskaini nahi badio gustura hartuko genukeela. Batzuetan badakigu murgiltze horretan itoak ere sentitu zaretela. Baina momentu hau iritsi bada zuen esfortzuagatik izan dela argi dugu. Beraz, eskerrik asko udalari musikak igeri egiten jarrai dezan jarri duzuen salbamendu-txalupagatik.

Eta ze txalupa! A ze eraikina! Gogoan dut udalak eta arkitektoek lehen aldiz proiektua erakutsi ziguten eguna. Egurrezko maketatxo bat ere bazuten, bere zuhaitz txikiekin. A ze proiektua! Inoiz imajinatu genezakeena 3 bider gainditzen duena, bihotzetik egina, barruan bizitutakoarekin sortua, eta orain guztiok gozatzeko pentsatua. Eskerrik asko sagarnatarrei beren diseinua gurekin pentsatuz egitearren. Herriari zuen lanaren opari ederrenetakoa egin diozuela pentsatzen dut. Mila esker.

Eta herriari gure eskerrik onena. Herria izan zen eraikinaren egoeraz ohartuta auzo bilera guztietan gure alde atera zena. Ituteen azpian entsaiatzen egon den herria, pipiaren errautsa azpian punk doinuak, zein bluesa edo ska musika jo dituen herria, haurra besoetan hartu eta ganbararaino maite zaitut, maite maite zaitut abestera eraman duen herria. Usurbilgo herriari mila mila esker. Eraikin berri hau gure lanaren aitortza moduan jasoko dugu, herriak musikak jarrai dezan egiten dion oparia. Ez dadila haria eten.

Azken esker ona dagoeneko Zumarte barrura begirakoa da, irakasle eta juntakideei. Aldapan gora pausorik pauso, aldapan behera auzorik auzo, eta halaxe ibili gara, lan eta lan, bideko korapiloak banan bana askatzen, urte hauetako gorabeherei aurre egiten. Ekipo, iritsi da, hemen gaude berriz, astelehenean martxan dugu gure Zumarte Musika Eskola Berria! Bejondeigula!

Eta Artzeren poema batek esaten zuen, “Iturri zaharretik edaten dut, ur berria edaten, beti berri den ura, betiko iturri zaharretik.”  Eraikin berria zabalduko dugun arren, iturria aspalditik baitago hemen, musikak beti aurrera egingo du, eta bertatik edaten joango gara herritarrak, eta eraikinarekin hazten joango gara eta ikasten, eta zabaltzen eta betetzen, gauza berriak ditugulako epe luze eta motzerako, ilusioa handia delako. Eta gehiago izango gara. Eta gehiago gara, polita izango delako beste batzuk ere iturri honetatik edatea. Orbeldi Dantza Taldeari ateak zabaltzen dizkiogulako, kulturak bat eginik indartsuago garelako. Ongi etorri.

Ustez bukatu dut. Guztioi berriz mila mila esker eta ongi etorriak zarete gurera. Eskerrik asko

 

Agurne Alkorta, Zumarte Musika Eskolako lehendakaria".