Gure Eskuren “Altxa” ikuskizuna eta ekitaldi politikoa eskaini dituzte Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2020ko urr. 31a, 19:25

Urteak daramatza Gure Esku Dagok erabakitzearen aldeko ekitaldi jendetsuak antolatzen. “Altxa” ikuskizuna da sortu berri duten ekimen berriaren izena, garai hauetarako egokitutako formatuarekin gainera, ikus-entzunezko proiekzio bidez.

Arraltsaldeko seietan hasi da proiekzioa Potxoenean, dozena bat herritarren aurrean. Nazio mailako ekitaldi politikoa eta “Altxa!” izeneko kultur ikuskizuna eskaini dituzte, aski ezagunak diren Erika Olaizola, Iraia Elias eta Laura Penagos aktoreek, Amets Arzallus bertsolariak, eta Eñaut Elorrieta eta Dupla taldeko musikarien parte hartzearekin. Proiekzio antzeztua, musikatua eta bertsoz lagundua da “Altxa”, erabakitzeko eskubidearen alde hausnarketa bultzatzea helburu duena. Amancay Gaztañaga da zuzendaria eta Gotzon Barandiaran gidoilaria. 

 

Ez Usurbilen bakarrik, Euskal Herriko beste hainbat txokotan ere jarri dute proiekzioa. Etxetik atera ezin zuten horiek ere Internet bidez jarraitu ahal izan dute ikuskizuna.

 

Proiekzioa sortu berri duten plataforma handiago baten isla da, hamaikagara.eus atariarena, hain zuzen. Sinadura bilketa masiboa egiteko sortu duten atari digitalaren bidez, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Parlamentuari eskaera luzatu nahi diote etorkizun politikoaren inguruko eztabaida sustatzeko, herritarren parte hartze eraginkorra bermatu, eta erreferendumak egiteko ahalmena bere gain har dezan, bai eta arautu eta garatu ere. Ipar Euskal Herrian ere norabide berean lan egiteko borondatea adierazi du Gure Esku Dagok, instituzionalizazioan sakonduta. 

 

Aipatutako hamaikagara.eus atarian sina daiteke proposamena. EAEn, Nafarroan, Ipar Euskal Herrian edo diasporan bizi den edonork sina dezake modu elektronikoan klik pare baten bidez.