#Udalbatzarra

Pobrezia ezabatzeko konpromiso irmoa hartu du udalbatzak

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 2a, 10:18

Irailean mahai gainean utzitako pobreziari lotutako mozioa aho batez onartu zuen udalbatzak iragan osteguneko osoko bilkuran.

Urriaren 17ko pobrezia desagerrarazteko nazioarteko egunari lotutako mozioa aurkeztu arren, EAJ-ren eskariz mahai gainean uztea erabaki zuten iraila amaierako udalbatzarrean, gaia landu eta aurrerago erabateko adostasunarekin onartua izan zedin.

Urriaren 29ko udalbatzarrera eraman zuten aho batez onartu zuten testua. “Pobrezia ezabatzeko konpromiso irmoa adierazten dugu”, dio udalbatza osoak babesturiko mozioak. Eta horretarako beharrezko neurri ekonomiko, sozialak eta fiskalak hartzekoa, besteak beste, “Gizarte-Larrialdietarako laguntzak funts propioekin osatzen jarraituko dugu”.

Are gehiago orain, “covid19-ak gure komunitatearen zaurgarritasun soziala eta pobrezia egoerak larriagotu egin ditu eta, horregatik, erakunde publiko guztien lehentasunezko jarduera izan behar du ezinbestean”. Horretarako ezinbestekotzat jotzen du mozioak, “erakunde guztiak politika publikoak indartzeko konpromisoa hartzea, enplegua, ekonomiaren errekuperazioa eta gizarte politikak herriaren berreraikitze sozial eta ekonomikoaren aldaketarako palankak bilakatuz”. Eusko Jaurlaritzari premiazko neurriak hartzea eskatzen dio “gure babes-sistema covid19-aren krisiaren ondoriozko beharretara egokitzeko”. Horrekin batera, “gizartean pertsonen erabateko integrazioa lortzeko Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren zentraltasuna aldarrikatzen dugu. Horregatik, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuak garatzeko eta indartzeko konpromisoa hartzen dugu, eta konpromiso honi atxikitzeko eskatzen diegu gainerako erakundeei”.


_____________________________________________________________________________________________________


MOZIOA

Urriak 17, pobrezia desagerrarazteko nazioarteko egunari buruzko Mozioa

Zioa

Urriaren 17an, pobrezia desagerrarazteko nazioarteko eguna ospatzen da. Nazio Batuen ‘Muturreko Pobreziari eta Giza Eskubideei buruzko Printzipio Gidarietan’ jasotzen den moduan: “aurrekaririk gabeko garapen ekonomiko, bitarteko teknologiko eta finantza-baliabideen maila duen mundu honetan, eskandalu morala da milioika pertsona muturreko pobrezian bizitzea”. Gure gizarteari ez zaio arrotza “eskandalu moral” hau.

Covid-19aren krisia hasi aurretik, datu eta adierazle gehienek argi erakusten zuten herritarren bizi-baldintzek okerrera egin zutela. Egia da herritarren zati batek Atzeraldi Handia ‘gainditu’ zuela, baina beste zati batek ez zuen egin, eta are garrantzitsuagoa dena, egitetik gero eta urrunago zegoen. 2018an, Euskal Autonomia Erkidegoan 270.294 pertsona ongizate-gabezia egoeran zeuden, duela bi urte baino 40.000 gehiago, eta 130.965 pertsona zeuden benetako pobrezian, duela bi urte baino 8.000 gehiago. Aurreko guztiari gehitu behar zaio arazo nagusietako bat zela lau familietatik batek ez zuela gaitasunik epe ertain eta luzera bizi-baldintza duinak bermatzeko; gure herrian ehunka mila pertsonak ezin zioten aurre egin ezusteko bati, Covid-19aren krisiak eragindakoa, esaterako.

Bestalde, genero, adina eta jatorria faktore erabakigarriak dira pobrezia egoeran aurkitzeko. 2008an, benetako pobrezia-kasu guztien % 33,9 emakumeak buru ziren familietan kontzentratzen ziren, eta 2018an, hau da, 10 urte geroago, % 50,6. Adin-taldeei erreparatzen badiegu, 15 eta 24 urte bitarteko gazteen egoera da azken urteetan gehien okertu dena. Posizio sozial desberdinen arteko ‘igogailuek’ funtzionatzeari utzi diotenez, pobrezia gurasoengandik seme-alabengana heredatzen da; hau da, pobreziak eragin berezia eta erabakigarria du haurtzaroan. Eta, gainera, larri zeuden kolektibo hauek bereziki astindu ditu Covid-19aren krisiak.

Baina pobrezia ez da alderdi ekonomikora mugatzen, Nazio Batuen Printzipio Gidarietan jasotzen den moduan “dimentsio anitzeko fenomenoa da, eta diru-sarreren eta duintasunez bizitzeko oinarrizko gaitasunen falta barne hartzen du (…) muturreko pobreziaren ezaugarri nagusia eskubide zibil, politiko, ekonomiko, sozial eta kulturalen askotariko urraketak eta elkarri lotutakoak dira”. Beraz, eman beharreko erantzunak izaera dimentsioaniztuna kontuan izan behar dute pertsona guztien autonomia materiala eta erabateko integrazioa lortzeko.

Pobreziaren irauntzak gizarte osoari eragiten dion arazoa da. Arazo publikoa da. Eta, beraz, politikoa. Azken urteetan gurean pobreziari aurre egiteko ezagutu ditugun politika publikoek trantsizio baten beharrean daude. Urgentziazko erronka izan behar du; aurkitzen garen krisia ezin da aitzakia izan, aitzitik, jarduteko pizgarria izan behar du,gizarte bidezkoa, zuzena eta solidarioa lortu nahi badugu. Helburu horretan gure konpromisoa irmoa da. Euskadi komunitate aintzindaria izan da gizarteratzeko politikak abiaraztean, pobreziaren kontrako borrokan eta gizarte-zerbitzuen garapenean.Alabaina, aipatutako konpromiso horri erantzuteko, politika sozialak indartu eta bermatu behar ditugula pentsatzen dugu, batez ere gizarteratze eremuan, gizarte-zerbitzuetan eta etxebizitzan eragiten duten horietan eta pobreziaren kontrako borrokan inpaktu adierazgarria duten haietan, pertsona zaharrengan, familiengan eta haurtzaroan, baita pertsona migratzaileengan ere.

Horregatik guztiagatik, Usurbilgo Udaleko Osoko Bilkurak adierazten du:

1.- Pobrezia ezabatzeko konpromiso irmoa adierazten dugu. Horregatik, honi aurre egiteko beharrezkoak diren neurri ekonomiko, sozial eta fiskalak hartzeko prestutasuna agertzen dugu, orain artean bezala, besteak beste, Gizarte-Larrialdietarako Laguntzak funts propioekin osatzen jarraituko dugu.

2.- Covid-ak gure komunitatearenzaurgarritasun soziala eta pobrezia egoerak larriagotu egin ditu eta, horregatik, erakunde publiko guztien lehentasunezko jarduera izan behar du ezinbestean. Horretarako, ezinbestekoa da erakunde guztiek politika publikoak indartzeko konpromisoa hartzea, enplegua, ekonomiaren errekuperazioa eta gizarte politikak herriaren berreraikitze sozial eta ekonomikoaren aldaketarako palankak bilakatuz. Norabide horretan, Jaurlaritzari eskatzen diogu premiazko neurriak hartzeko gure babes-sistema (Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta DSBE/ Etxebizitzarako Prestazio Osagarria EPO/ Gizarte Larrialdietarako Laguntzak GLL) Covid-19aren krisiaren ondoriozko beharretara egokitzeko. Eta epe labur eta ertainera, banakotasunaren, estaldura unibertsalaren eta baldintzarik ezaren printzipioetan oinarritutako babes-sistema baten aldeko pausuak eman ditzan.

3.- Gizartean pertsonen erabateko integrazioa lortzeko Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren zentraltasuna aldarrikatzen dugu. Horregatik, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuak garatzeko eta indartzeko konpromisoa hartzen dugu, eta konpromiso honi atxikitzeko eskatzen diegu gainerako erakundeei.