Xua Gurasoekin Etxera

Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga Usurbila datoz, espetxetik irteteko eman dieten lehen baimenean

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 6a, 10:51

Nobedadeak bat bestearen atzetik egunotan; Aranjuezko espetxean ziren Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga herrikideei 3. gradua aplikatu eta Martutenera lekuz aldatuko zituztela iragarri zuen Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Orokorrak asteazkenean. Leku aldaketa gaur bertan gauzatuko da; irteera baimena eman diete bi herrikideei eta Usurbila datoz asteartera arte. Azaroaren 10ean ez dute Aranjuezera itzuli beharrik izango; Martuteneko espetxera baizik.

Berriak arrapaladan azken egunotan Aranjuezko espetxetik. Asteazkenean Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Orokorrak Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga herrikideei hirugarren gradua aplikatu eta Martuteneko kartzelara lekuz aldatuko zituztela jakinarazi zuen. Ostegunean lehen irteera baimena eman zieten, Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik NOAUA!ri berri eman ziotenez, ostiral eguerdi honetatik asteartera arte. Senideak bertara joatekotan ziren, Olatzek eta Patxik Usurbila etorri eta asteartean berriz Aranjuezera bueltan joateko denbora gutxi izango zutelakoan, eta gainera kontuan izan, covid19-a tarteko, mugikortasun neurriak ere oztopo bilaka zitezkeen.

Egoera zeharo aldatu da ostiral goiz honetan; Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik aditzera eman dutenez, "azkenean Usurbilera datoz gaur irteera baimenarekin". Eta bada beste nobedade bat ere; aipatu moduan asteartera arteko, azaroaren 10era arteko baimena dute espetxetik kanpo egoteko. Asteartean ez dute Aranjuezera itzuli beharrik izango, "Martutenera baizik", Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik aditzera eman dutenez. 

Honenbestez, Olatz Lasagabaster eta Patxi Urangaren hurbilketa gaur bertan gauzatuko da; 3. graduak ahalbidetzen dien irteera baimenarekin asteartera arte Usurbilen izango dira. Eta gero Martuteneko espetxera joan beharko dute. Gaurkoz, datorren ekainerako dute finkatua, espetxetik irteteko data. Halere gogoan izan, espetxealdiaren hiru laurdenak beteta, 2018ko ekainean jada kalean behar zuten Olatzek eta Patxik Maddi jaioberriarekin. Xua eta gainerako senideekin etxean. Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik ere halaxe eskatzen dute, behingoz "etxean eta aske nahi dituzte".