Xua Gurasoekin Etxera

Olatz Lasagabasterri baimena luzatu diote, Patxi Urangak lau gau igaro beharko ditu Martutenen

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 9a, 13:05

Nobedadeak Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga herrikideei dagokienean. Asteburuan izan duten espetxe baimena agortuta, Martuteneko espetxean aurkeztu dute gaur biek euren burua. Usurbilen Nahi Ditugu eta Usurbilgo Sare bilguneek berri eman dutenez, Olatzi ostegunera arte luzatu diote espetxetik kanpo egoteko baimena. Patxik astean lau gau igaro beharko ditu Martutenen.

Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga herrikideen egoera zeharo aldatu da egunotan. Gogoan izango duzue, Madrilgo Aranjuezko espetxean ziren iragan astera arte, Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Orokorrak 3. gradua aplikatu eta Martuteneko kartzelara hurbilduko zituztela jakinarazi zien arte. Ostiralean, asteburuko baimena eman zieten espetxetik kanpo egoteko astelehen honetara arte. Gaur (azaroak 9) Aranjuezera ez zuten itzuli beharrik, Martuteneko kartzelara baizik. Usurbilen Nahi Ditugu eta Usurbilgo Sarek NOAUA!ri berri eman diotenez, "biek ala biek astelehen goizean Martuteneko espetxean aurkeztu dute haien burua". 

Eta nobedadeak izan dira bi herrikideon egoerari dagokionean; Olatzi ostegunera arte luzatu diote espetxetik kanpo egoteko baimena. Zergatia Usurbilen Nahi Ditugu eta Usurbilgo Sare taldeek argitu dute: iragan astean aurreratu zuten moduan, Maddi haurtxoarekin Martutenen egoteko baldintza egoki falta. Hilaren 12an, "erabaki finkoago bat hartu beharko dute bere egoeraz". Patxiri dagokionean, astean lau gau, astelehenetik ostegunera Martuteneko kartzelan igaro beharko ditu.

Urte luzez exijitu dute aipatu eragileek, hainbat erakunde eta taldeek, Olatz eta Patxiren senide, lagun eta herritarrek, "espetxea legeria arrunta aplikatzea. Hamaika ahaleginen ostean, beren kasuan bederen, gauzatzen hasi da behingoz. Espero dezagun bide hori urratzen segitzea eta laster biek ala biek baldintzapeko askatasunean gure artean izatea". 

Neurri berdinak gainerako euskal presoentzat
Bi herrikideon familiak "esker ona adierazi nahi die beren interesa eta zoriona helarazi dieten herritar guztiei". Ostiralean "Madrilgo espetxera joan zen bien eta beraiekin zegoen Maddi alabaren bila. Orduak pasa zituzten atean noiz aterako zain baina, azkenean, denok ikusi ahal izan dugun argazki hunkigarria egia bilakatu zen. Hilabeteak ikusi gabe zuten Xuarekin familia osatua, laurak irrifar erraldoi batean batuta. Larunbateko ordu txikitan iritsi ziren Usurbilera. Asteburu oso berezia igaro dute elkarrekin".

Gertaera honek poz handia eragin duen arren, Usurbilen Nahi Ditugu eta Usurbilgo Sare taldeek gogorarazi dutenez, "alferrikako sufrikarioa eten eta sentimendu berbera errepikatzea nahi dugu, behar dugu hobe esanda, gainerako euskal preso politiko guztien kasuan. Horregatik eta horretarako lehenik eta behin preso gaixo, adin handikoei eta baldintzapean berehala kaleratuak izan daitekeenei legeria arrunta aplikatzea exijitzen jarraituko dugu. Euskal preso guzti-guztiak behin betiko etxeratuak izateko lehen urrats bezala".