“Usoa Zumeta elkarlanean” erakusketa gaurtik Aieten

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 10a, 09:35

Usoa Zumetak ikusgai jarriko ditu gaurtik urtarrila amaierara arte, urteotan sortu dituen hainbat serigrafia lan. Horrekin batera, Jesus Mari Lazkanoren serigrafia lan baten sortze prozesua azalduko duen atala ere izango du astearte honetan Donostiako Aiete Kultur Etxean zabalduko duen erakusketan. Usoak sortze prozesu horretan parte hartu zuen.

Bi atal izango dituen erakusketa Donostiako Aiete Kultur Etxean (Aiete Pasealekua, 63)
izango duzue ikusgai urtarrilaren 31era arte. Batetik, Jesus Mari Lazkanok 2019an sortutako “Savalvard II” irudia sortu zuen eta estanpazio lanean parte hartu zuen Usoak. “Artistak egindako 14 urratsak ikusteko aukera izango da”, Donostia Kulturak zehaztu duenez.

Bestetik, azken urteetan estanpatutako serigrafia lanen aukeraketa bat egin eta 25 artelan ikusgai jarriak izango ditu, Zumeta Arte Estudiotik eramandakoak; tartean Jose Luis Zumetaren sortze lanak izango dira ikusgai. Baita artista hauenak ere: Dora Salazar, Koldobika Jauregi, J.M. Lazkano, Ana Román, Edu López, J.A Sistiaga, Judas Arrieta, Néstor Basterretxea, Ainize Txopitea, Vicente Larrea, Germán Gargano eta Elena Asins.

Sortzaile ezagunenekin aritua
Donostia Kulturak gogorarazten duen moduan, serigrafia sortzaile jorratu duen bideak Euskal Herriko artista garrantzitsuenekin lan egitea ahalbidetu dio Usoari: "Nestor Basterretxea, Rafael Ruiz Balerdi, Vicente Ameztoy, Jose Luis Zumeta, Dora Salazar, Carmelo Ortiz de Elgea, Koldobika Jauregi, Juan Luis Goenaga, José Antonio Sistiaga, Manu Muniategiandikoetxea , Edu López, Ana Román, Daniel Tamayo, Alberto Rementeria, Juan Mieg, Marijose Recalde, Judas Arrieta, Iñigo Arregi..." eta gehiagorekin. Baita Euskal Herritik kanpoko "Elena Asins, Eduardo Arroyo edo Germán Gargano" sortzaileekin ere.

Ordutegi honetan bisitatu ahalko da erakusketa gaurtik urtarrilaren 31ra: asteartetik ostiralera (16:00-20:30), larunbatetan (10:00-14:00/16:30-20:00) eta igandeetan (10:00-14:00). Eguberrietan aldiz (abenduak 21-urtarrilak 3 artean), asteartetik ostiralera goizez bakarrik zabalduko dute erakusketa, 10:00-14:00 artean. Larunbat eta igandeetan, lehen aipaturiko ordutegian.