NOAUA!ren Kulturaldia

Igerilekuan urperatzeko prest diren "Urpekakariak" emanaldia ostiralean

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 11a, 09:45

Udajolasen baitan eskaini ezin izan genuen "Urpekakariak" haurrentzako ikuskizunak abiaraziko du aurtengo NOAUA!ren Kulturaldia. Ostiralean (azaroak 13) 18:00etan Sutegiko auditorioan.

Berez uztailean Udajolas martxan genuela eskaini behar genizuen, Plis Plas Txalo eta Jolas ekimenaren baitan. Covid19-aren hedapenak ordea, udalekuak bertan behera utziarazi zuen. Pandemia hilabeteotan gehiagotan gertatzen ari den moduan, ikuskizunak dataz aldatu eta beste egun batean eskaintzeko malgutasuna badago.

Horixe da hain zuzen, aurtengo NOAUA!ren Kulturaldiak abiaraziko duen haurrentzako emanaldiaren kasua. Uztailaren 22an Udajolaseko orduetan eskaini behar genuena, orain aipatu kultur zikloa abiaraziko du ostiral honetan (azaroak 13). Arratsaldeko 18:00etan hasita Sutegin; "Urpekakariak" Aissa Intxausti, Arrate Sololuze eta Eneko Intxaustiren eskutik. 

"Urpekakariak"
Eguna:
azaroak 13, ostirala.
Bi emanaldi: 18:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Emanaldia: "Urpekakariak".
Zehaztasunak: "Galtzerdi eta Leotardo igerilekuan topo egin duten lagun bi dira. Ur bazterrean erdi gogaituta daudela, bihurrikeria bat otuko zaie: zergatik ez hondoko tapoia aurkitu eta igerilekua hustu? Eskura dauzkaten gauzekin urperatzeko jantzia prestatu eta isurbidearen bila abiatuko dira beraiek zelatatzen ari den sorosle petralaren begiradapean. Murgilaldian zehar etengabe egingo dute topo beren gorputzekin; bakoitzak berearekin nola, lagunarenarekin edo igerilekuko gainontzeko erabiltzaileenekin: umeak, helduak, adinduak, aniztasun funtzionala duten igerilariak... Askotariko sentsazioak izango dituzte (arintasuna, itomena, plazera, hozkirria...) eta lantzean gogoeta txiki bat egiteko aukera emango die sentitu eta ikusten ari diren guztiak".
Nori zuzendua: 6-11 urtekoentzat.
Sarrerak: aurrez 3 eurotan, Lizardin eta NOAUA! K.E.-ren egoitzan.
Antolatzailea: NOAUA! K.E.