Errigoraren kanpainako produktuak NOAUA! bidez eskatzeko azken eguna

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 12a, 08:06

Elkartasuna indartuko duen udazkeneko kanpaina berria abian du Errigorak. Nafarroa hegoaldeko tokiko ekoizpena sustatzearekin batera, bertako euskalgintza suspertzen jarraitzen du auzolanean bideratzen den egitasmo honek. Produktuon salmentatik jasotako irabazien laurdena, besteak beste, zonalde hartan euskararen ezagutza eta erabilera suspertzea bultzatuko duen Agerraldia egitasmora bideratuko dute. Errigoraren udazkeneko kanpainako produktuak noiznahi errigora.eus ataritik eta gaurtik NOAUA! K.E.-ren egoitzan ere eska ditzakezue, azaroaren 12a baino lehen.

“Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka” egiteko gonbita luzatuz bueltan datoz eremu hartan ekoitzitako produktu goxoak eskuratzeko kanpainaren edizio berria. Dakizuenez produktuon salerosketa sustatzearekin batera, jasotako laguntzaren %25a bideratuko dute urtero moduan zonaldeko ikastoletara, baita Sortzeni, AEK-ri eta Agerraldia egitasmoari ere. Azken egitasmo honek euskararen ezagutza eta erabilera bultzatu nahi du “Ager vasconum” deituriko zonaldean, “Garestik Kortesera eta Zangozatik Vianara” doan eremu horretan, tokiko euskaltzaleen laguntzaz. “Espazio berriak ezezik, euskararekiko begirada berriak irabazi nahi ditugu”. Helburuok betetze aldera, agenda oparo askoa osatu dute datorren urterako, euskaltzale eta eragile anitzen laguntzaz.

3 saski
Produktu anitzez osaturiko hiru saski ezberdin jarri ditu Errigorak herritarren eskura; produktu gehigarri bereziekin; “aurten elkartasuna biderkatuko dugu; ohiko saskiez gain, Korrikaren katiluaren, Seaskaren egutegiaren eta D ereduaren hazien bidez, zoritxarra zorion bihurtuko dugu. Ez dira garai onenak Herri Urrats, Korrika edo Sortzenen jaiak ospatzeko, baina izan bitez oparoenak elkartasunari ekiteko”. Eskaerak egiteko epea zabalik da.

Epea: 
azaroak 12.
Eskabideak non: errigora.eus ataritik edota NOAUA! Kultur Elkartearen egoitzan.
Produktuen banaketa: azaroaren 26an eta 27an, 9:00-14:00 artean NOAUA! K.E.-ren egoitzan.
Saski motak:
1-Saski beltza (betikoa): orburuak, pikillo marmelada, pikillo piperrak, zainzuri zuriak, teilak, tomate frijitua, mertxika almibarretan, oliba-olio birjina estra, kardua, mahats-zukua, botila ardoa, potxak eta piper-mamia. Baita Korrikaren katilua ere.
Prezioa: 55 euro.
2-Saski berdea (ekologikoa): txitxirioak, ardo-ozpina, oliba-olio birjina estra, barazki-menestra, pasta, orburuak, pikillo piperrak, arroza, zainzuri zuriak, botila ardoa, udare-zukua. Baita Seaskaren egutegia ere.
Prezioa: 65 euro.
3-Saski zuria (berezia): orburuak, pikillo piperrak, zainzuri zuriak, botila kriantza, txokolatezko zigarretak, patxaran-pastak, patxarana, oliba-olio birjina estra, ardo zuri apartsua, arbendol-polboroiak. Baita D ereduaren haziak ere.
Prezioa: 75 euro.
Informazio gehiago: errigora.eus