Euskaraldia

Euskaraldirako txapak jasotzeko azken egunak

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 16a, 11:15
Asteburuan ere mahaia jarri dute Euskaraldikoek Sutegi atarian.

Ostiralean abiatuko den 2. Euskaraldirako Ahobizi nahiz Belarriprest guztiontzako izen ematea ostegunean itxiko du antolakuntzak. Txapak jasotzeko mahaia plazara aterako dute berriz egunotan.

Lau egun baino ez, azaroaren 20tik abenduaren 4ra ospatuko den 2. Euskaraldia abiatzeko! Euskara ahotan gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan hartzea sustatu nahi duen ariketa kolektiborako izen emateko ostegunera arteko tartea izango duzue. Txapak jasotzeko azken egunak dira honako hauek. Euskaraldia Usurbilen sustatzen ari den herri batzordeak banaketarako mahaia kaleratuko du berriz asteartetik aurrera. Plazaratu duten kartelean duzue hitzorduen berri.

Informazio gehiago jaso eta izen ematea online bideratzeko:
izenematea.euskaraldia.eus
usurbil.euskaraldia.eus

Bi “rol” aukeran
-Belarriprest: 
“Lekua, gaia edo egoeraren arabera erabakitzen dut euskaraz noiz eta norekin egin. Agian, ez dut beti euskaraz egingo ulertzen duten guztiekin, baina euskara dakitenek niri uneoro euskaraz hitz egitea nahi dut; eta horixe eskatzen diet modu esplizituan”.

-Ahobizi: “Euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egiten dut uneoro. Kideek euskaraz ulertzen ote duten ez dakidanean lehen hitzak, beti, euskaraz egiten ditut; euskaraz ulertzen badute, euskaraz jarraitzen dut. Batzuetan zaila den arren, elkarrizketa elebidunetan ere euskarari eusten diot kideek ulertzen dutenean”.

Banderolak salgai
Euskara ahotan gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan hartzeko aukera eskaini nahi du azaroaren 20tik abenduaren 4ra iragarri den 2. Euskaraldiak. Prestatzen hasteko garaia da jada. Batetik, balkoietan jartzeko banderatxoak plazaratu dituzte. Usurbilgo Eroski Cityn eta Laurok liburudendan topatuko dituzu, 5 eurotan salgai. Eta bestela, Euskaraldiaren web orrialdeko dendan, Elkar dendetan edota Berria egunkaria saltzen duten kioskoetan.

Euskaraldiko banderatxoa zure etxeko balkoian jartzen baduzu, Euskaraldiko produktu-loteen zozketan parte hartzeko aukera izango duzu. Hauek dituzu lehiaketako arauak:

  • Atera argazkia Euskaraldiko zure banderatxoarekin.
  • Igo zure Facebook, Instagram edo Twitter kontura.
  • Ez ahaztu etiketatzea #JantziKaleak
  • Listo. Zorte on Euskaraldiko produktu loteen zozketan.