"Udazkena liburutegian"

Onin sailaren egile Ibon Martinekin borobildu dute "Udazkena Liburutegian"

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 18a, 09:20

Ikusmin bizia eragin zuen Sutegi udal liburuteigak asteartean kultur etxeko auditorioan antolatu zuen solasaldiak. Onin pertsonaia protagonista duen gaztetxoen ipuin bilduma arrakastatsuaren egile Ibon Martin Alvarez idazlea gonbidatu zuten. 

Kultur etxeko auditorioan baimendua dagoen aforoa bete zuen Ibon Martin Alvarez idazleak, Sutegi udal liburutegiak astearterako antolatu zuen solasaldian. 

Gaztetxoei zuzenduriko Onin sortze lan bilduma ezagunaren egileak ikusmin berezia piztu zuen bertaratu ziren gaztetxoengan. Irakurle eta zaletu finak ditu Usurbilen. Martin hitz egiten hasi zenerako, galderak egiteko prest ziren. Batek baino gehiagok Onin pertsonaia protagonista duten lanak eskuetan, egilearen sinadura jasotzeko gogoz.

Ekitaldi arrakastatsu honekin borobildu dute Sutegikoek "Udazkena Liburutegian" zikloa. Urrian abiarazi zuten, Yurre Ugarte eta Joseba Larratxeren "Joana Maiz" sortze lanaren inguruko solasaldiarekin. Ixabel Agirresaroberekin bi ipuin kontaketa saio ere antolatu zituzten urria amaieran. Iragan astean, Harkaitz Cano gonbidatu zuten “Enseres de ortopedia inútil” kontakizun laburren liburuaz hitz egitera.

Ibon Martinek borobildu du zikloa. Sutegi udal liburutegiko langileek NOAUA!ri adierazi diotenez, "uda bukaeran planifikatu genuen ziklo hau. Momentuz, parentesi bat egingo dugu, ez gara ausartzen ezer planifikatzera egoera baretzen doala ikusi arte. Bitartean, gure oinarria den jendearekiko hartueman zuzen horretan indarra jartzen segiko dugu".

Whatsapp zerbitzura batzeko deia
Liburutegiak bueltan duen sarea indartzeko saiakeran, guneari buruzko informazioa whatsapp bidez jaso nahi duenari bertako langileekin hartuemanetan jartzeko gonbita luzatzen diote. Informazioa bidaltzeko baino ez da bide hau. “Guretzat oso tresna baliagarria eta erabiltzaileentzat baita”, Sutegitik aipatu digutenez. Bestela, whatsapp zerbitzua ere 24 ordutan erabil daiteke. Hemen duzue liburutegiarekin hartuemanetan jartzeko bideen berri:
biblioteka@usurbil.eus
943 36 06 92
688 625 477 (whatsapp zerbitzua)
Sare sozialak:
Facebook: “Usurbilgo Sutegi Udal Liburutegia”
Twitter: @usurbib
Instagram: Sutegi05