"Udazkena liburutegian"

Sutegik 15 urte: “Buru osasunerako oinarrizko zerbitzu batean bilakatu da liburutegia”

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 18a, 11:22

15 urte bete ditu irakurzaletasuna sustatzetik haratago, herritarren elkargunean bilakatu den Sutegi udal liburutegiak. Oinarrizko zerbitzuan bihurtu da pandemia hilabeteotan, are gehiago pandemia hilabeteotan. Badute zer ospatua, liburutegiko langileek lerrootan NOAUA!ri adierazi diotenez; “denon artean sortu dugun elkargunea”.

Neurri murriztaile berriek liburutegiari eragin diote?
Printzipioz ez digu eragiten. Aforoarekin ez dugu arazorik, ekitaldiak auditorioan egiten ditugunetik oso ondo moldatzen gara. Solasaldiak oholtzan egiterakoan, eremu hori argiztatua soilik, soinu aldetik erabat isolatua, giro goxoa izatea lortu dugu.

Liburutegian ezin halakorik antolatu eta alternatiba aurkitu duzue.
Udan aukera hau aztertzen hasi ginen. Gure nahia beti izan da gure ekintzak liburutegian egitea. Baina ezinezkoa zela ikusi genuen. Proba egin eta uste baino askoz ere esperientzia hobea izan da. Aretoa guretzat salbazioa izan da.

Aforoa kudeatzeko usurbilkultura.eus plataforma lagungarria izan zaizue?
Solasaldietarako baliatu dugu. Egia esan kosta zaigu egokitzea. Gu oso ohituak gaude aurrez aurreko harremanetara. Solasaldiei begirako edota ipuin kontaketetarako gonbitak aurrez aurre banatu ohi ditugu. Aitortu behar dugu kosta egin zaigula aldaketa, baina lagundu digun tresna bat da, batez ere aforo kontuak eta kontrolatzen.

Konfinamenduaren ostean, ekainean zabaldu zenuten. Nolakoak izan dira hilabeteok?
Poliki-poliki etorri dira herritarrak, baina era desberdin batean. Orain da etorri, liburua hartu eta joan. Lehen hemen egoteko ohitura handiagoa zegoen, hitz egitekoa. Horrek liburutegiko dinamika asko aldatu du. Mostradorean zaude, bi aldeetara begiratzen duzu. Tristea da ze hutsik dago, aforoa hain da mugatua. Halere maileguekin lan gehiago egiten ari gara-egunean 80tik gora-eta horrekin oso pozik gaude.

Pandemia garai honek ez du irakurzaletasuna apaldu ezta?
Mailegu eskaera ez eta liburutegiaren falta sumatu zen lehen itxialdian. Pentsa, asteotan bigarren itxialdia etor zitekeelakoan, egunotan jendea liburuz hornitzen hasia zen badaezpada. Esaten genien uzten badigute ez dugula itxiko. Jendeak esaten zigun ze mesede, ze lagungarri egiten zaion irakurketa. Udaberriko konfinamendu osteko itzulera oso gozoa izan zen. Ikusi genuen jendea ze gogoz, esker onez etorri zen, eta nola adierazi zigun zenbat bota zuten faltan liburutegia. Sumatu dugu jendeari ze on egin dion irakurri edota film bat ikusteak; konpainia egin zioten, kezkak pixka bat urruntzen laguntzen zien. Aurreneko itxialdia hain bat-batekoa izan zenez, Eusko Jaurlaritzarik ere asko promozionatu zuten e-liburutegia, ez zegoen beste aukerarik. Baina konturatzen zara mundu guztia ez dela iristen digitalera, ez du nahi, ezin du. Heltzen zen une bat jendeak une oro inguratua zen teknologiatik deskonektatu eta aisialdirako beste alternatiba bat, liburua, papera izan ziteekena nahi zuela. Jendeak hutsune hori nabarmen sumatu zuen. Buru osasunerako oinarrizko zerbitzu batean bilakatu da liburutegia. Eta hori izugarri sumatu dugu.

Zer moduz egokitu zarete arau berrietara?
Denok bezala, arauetara erraz moldatu gara. Liburutegia oso leku segurua da. Dokumentuak itzultzean astebeteko berrogeialdia egiten dute. Distantziak mantentzen ditugu, aforoa kontrolatzen dugu, musukoak jantzita beti. Lehen ere atentzio oso pertsonalizatua zen baina orain gehiago areagotu da. Gerta dakizuke pixka bat itxaron behar izatea. Pena ematen du batzuetan denbora gehiago ezin eskaintzea pertsona bakoitzari, ilara osatzen baita batzuetan. Denbora aldetik mugatua zaude. Jendea bada, ezin diogu eskaini nahiko genukeen denbora pertsona bakoitzari.

Nola aurreikusten dituzue hurrengo hilabeteak?
Gure aurreikuspena, zerbitzua, aforoa pixka bat gehitzen joatea zen. Udan bagenuen itxaropen puntu hori. Baina hori ezinezkoa izango dela ikusten da momentuz.

“Udazkena liburutegian” zikloa antolatu duzue asteotan. Bide honetatik segi nahiko zenukete ahal den neurrian?
Uda bukaeran planifikatu genuen ziklo hau. Momentuz, parentesi bat egingo dugu, ez gara ausartzen ezer planifikatzera egoera baretzen doala ikusi arte. Bitartean, gure oinarria den jendearekiko hartueman zuzen horretan indarra jartzen segiko dugu.

________________________________________________________________________________


“Denon artean sortu dugun elkargunea, hori da ospatzeko duguna”
Pandemia betean 15 urte betetzera heldu zarete. Zer moduzko urtemuga eguna bizi izan zenuten?
Asko. Berez “Udazkena liburutegian” zikloa urriaren 24ko Liburutegiaren Egunarekin eta azaroaren 5eko gure urtemugarekin lotzen dugu. Urtero pastak edo bonboiak banatzen ditugu, baina orain ezin da. Halere aurtengoa oso egun polita izan zen sare sozialetan. Whatsapp bidezko zerbitzua dugu. Noizean behin mezuren bat bidaltzen diegu bertan ditugun erabiltzaileei. Esker ona emateko mezua zabaldu genuen. Buelta oso polita izan zen, esker on mezu izugarri pila jaso genituen.

Urtemuga honetan, zer duzue ospatzeko?
Liburutegiaren bueltan sortu den komunitatea: erabiltzaileak liburutegian bertan elkarri nola gomendatzen aritu izan diren ikustea, ze tertuliak sortu izan diren liburuak komentatzerakoan. Erabiltzaileekiko esker ona. Beti, baina bereziki orain. Hainbeste jasotzen dugu, hain da polita eta asegarria jasotzen dugun esker on hori. Konturatzen zara jendeari ze mesede egiten dion, ze lagungarria zaion liburutegia.

Zaletasun honek hainbat herritar lotu ditu.
Liburutegiaren bueltan sortu den komunitatea, denon artean sortu dugun sarea, elkargunea, hori da ospatzeko duguna. Azkenerako liburuak hartzeko aitzakian, elkargune bat sortu da. Askotan jende asko etortzen zaigu ez bakarrik liburuak hartzera. Agian euren artean zerbait dute komentatzeko...

15 urte bete ditu liburutegiak. Bizitza luzeagoa izan du ordea.
Liburutegiak garai batean norbanakoak ikasteari oso lotuta egotetik, espazio isil bat izatetik, elkargune bat izatera igaro dira, non elkarrizketak dauden. Isiltasunarekin talka egiten du horrek. Gaur egungo liburutegiek gehiago jotzen dute espazio itxi eta isil bat izatera. Gainerakoa dinamikoa, gune bizi bat izatera. Aurtengo udal aurrekontuetan gai hau aztertzeko partida bat zehaztu zen.

Behar berri asko sortu dira liburutegiaren bueltan. Liburuzain hitza zaharkitua geratu da, askoz haratago doa zuen jarduna.
Gurea bada ofizio bat, beste asko bezala, beti dauden aldaketetara adi gaudenak. Hemen langabezia berritze asko zigilatu ditugu, kurrikulumak egiten lagundu... Aholkukaritza zerbitzu hori jendeak izugarri eskertzen du, ez bakarrik gomendatzeko, baita laguntza eskaintzeko ere ordenagailuan... Liburutegitik haratago gauza asko galdetzen dizkigute. Eta gero konfiantza hori, gustuko ez dutena utzi eta bestea hartzekoa. Askok deskubritzen dute idazle eta liburu pila bat, bestela ezagutuko ez lituzketenak. Teknologiak ez du ematen hori.

Covid19 garai honek sare hori baldintzatu du?
Mantendu dugu. Elkarlanean segitzen dugu esaterako Gaztelekuarekin, KzGunearekin, udal sail ezberdinekin, Udarregirekin beste era batera. Ikastolakoentzat ezin bisitak antolatu baina guk bidaltzen ditugu liburuak hara eta irakurzaletasuna sustatzeko formazio lana banaka egiten dugu ikasleekin. Gizarte Zerbitzuek hitzaldi bat antolatzen dutela, hemen bibliografia jartzen da. NOAUA!rekin, Esperientzia Eskolakoekin ere elkarlanean aritzen gara… Harro egon gaitezke gai izan garelako sare hori sortzeko eta zaintzeko, mimatzeko baina gu ere oso zainduak sentitzen gara herritarren aldetik.

Nola irudikatzen duzue etorkizuneko liburutegia?
Elkargune, sare hori sendotu nahi genuke. Auskalo nola eboluzionatzen duten liburutegiek. Lehen beldurra bazen liburu elektronikoa atera zenean zer gertatuko zen paperarekin. Une honetan elkarbizitzan gaude eta pixka batean hala segiko dugula aurreikusten dugu.