Basoaren etorkizuna ezbaian Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 19a, 17:50

Basoen etorkizuna izan dute hizpide Potxoenean. Alkartasuna Kooperatibak antolatuta, etorkizuneko Andatza sortzeko zer-nolako bideak jorra daitezken aztertu dute hurbildutako herritarrek Iñaki Etxebeste eta Markel Arriolabengoa, Errez Kooperatibako hizlariek lagunduta. Baso ingeniaria bata eta biologoa bestea. Gure inguruetako basoen etorkizunak kezkatuta murgildu ziren biak Kooperatiba sortzeko bidean. 

Eredu berriak izan dituzte hizpide, basogintza egiteko munduko hainbat adibide hartuta, aukera ecofriendly-enak eta bai planetarentzat, eta bai gizakiontzat onenak izan daitezkeenak proposatuta. Basogintza eredu klasikoaren ondotik, gure hainbat baso pinudi bilakatu ziren duela zenbait hamarkada, eta orain zuhaitz hauetako asko gaitzak jo dituela ikusita irtenbidea eman beharra dago egoerari, eta etorkizuneko plan bat marraztea ezinbestekoa da horretarako. Andatza bera ere neurri handi batean pinudia da, bai behintzat tontor ingurua. 

 

Egokitzapen basogintza da arazo horri erantzun bat emateko modu egokiena, hizlarien aburuz. Unean uneko beharretara egokitutako basoa, eta lurrak dituen beharren arteko oreka mantentzen duena. Bertako espezieekin sortutako basoak babesten ditu eredu honek, baso mistoak sortuta, adin ezberdinetako zuhaitzak bilduko dituen basoa. Hala, zuhaitzak ere apurka mozten dira, ez denak batera. Ekosistemaren oreka mantentzen da egoera horrekin, eta ez da burusoil geratzen basoa, horrek ekar litezkeen arazo guztiak uxatuta. Biodibertsitatearen giltza nagusietako bat da basoa, eta zuhaitz guztiak batera landatu eta mozteak desoreka larriak sor ditzake inguru horretan.

 

Gisa horretako basoak errentagarriagoak ere badirela ziurtatzen dute ikerketa zientifikoek. Egungo pinuaren egurra ez dago oso estimatua, eta zentzu horretan, errentagarria ere ez da. Denak batera landatu eta moztu behar izaten dira, eta horrek gastu handia dakar. Egokitzapen basogintzaren ikuspegitik, inausketa lanak apurka egiten dira, kolpetik espezie guztiak moztu gabe, eta basoari bere eboluzio naturala egiteko aukera emanda. Modu horretan, askoz ere errentagarriagoa da basoa, ez direlako zuhaitzak denak batera moztu behar, ez eta batera landatu behar ere.

 

Egungo ereduari jarraiki, eukaliptoaren etorkizuna planteatu izan da zenbaitetan. Pinuak bezala, kanpotik ekarritako espeziea da eukaliptoa, eta ekosisteman aldaketa handiak sor ditzake. Bertako animali eta landaredian aldaketa handia sortuko luke eredu horrek, eta inbasio egoera bat sortu ere bai. Horren aurrean, bi hizlarien jarrera tinkoa da: basoak berak erabaki behar du nolakoa izan nahi duen, eta horretarako egokitzapen basogintza da eredu lagungarriena.