NOAUA!ren Kulturaldia

Anari eta Malen-Maddi bikotearekin, Kulturaldiaren itzulera gaur

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 20a, 10:06

Bueltan datorkigu gaur NOAUA!ren Kulturaldia, emakumeen ahotsez blaitutako kontzertuarekin. Ostiral honetan 19:00etan hasita Sutegiko oholtzan Anariren emanaldia ikusi eta entzuteko aukera izango da. Segidan, Malen Azpiazu eta Maddi Zuloaga herritarrena. Udako Kultur Biran haien ahotsaren indarraz, bat-batekotasunaz gozatzeko parada izan ez bazenuten, Kulturaldian horretarako aukera izango duzue. Gogoan izan, sarrerak iragan astean AGORTU ziren.

Topaketa feministak izan ziren zuen musika harremanaren abiapuntua ezta?
Malen: 
Lizarrako neska gazteon topaketa feministetara joan ginen Usurbilgo Kafe Tertuliako kide batzuk. Bertan ginela, gaztetxean bakarlari baten emanaldia zegoen. Gaixotu zen. Bi pertsona behar zituzten eta gu animatu ginen. Lehenengo kontaktua izan zen gu biona batera eta oholtza batean. Lizarran taberna batean eta iazko Gazte Eguneko Euskaraldiaren ekitaldian hiru abesti kantatu genituen, Kultur Biraren baitan Aginagan. Egia esan halako proiektuak gogotsu hartzen ditugu.

Zer sentitzen da lehen aldiz hain modu inprobisatuan oholtza gainera igota?
Maddi: Kanpoan egon ginen entseatzen tartetxo batean. Mikrofono irekia zenez, ahal genuen dena eman genuen. Urduri ginen. Jaitsi ginenean zoriondu egin ziguten. Jende asko harrituta geratu zen.
Malen: Topaketa feminista bat zen, egun osoa batera pasa genuen. Lagun batzuk genituen lehen lerroan. Hasiera batean arrotza izan zen baina oso oso gustura geratu ginen emaitzarekin.

Entzun zaituztegunon artean zuen ahotsaren indarra nabarmendu behar da. Zer diote zuen emanaldietara joandakoek?
Malen: 
Erantzun oso ona jaso izan dugu eta potentzia daukagula esaten digute.
Maddi: Gure jarrera oholtza gainean lotua dago potentzialtasun horrekin. Urduri ateratzen gara baina gogo handiarekin. Ahotsarekin, jarrerarekin asko transmititzen dugula esan didate eta oso ondo pasatzen dutela gurekin.
Malen: Lagun arteko giroa sustatzea da gure helburuetako bat.

Harreman berezia, hurbilekoa sortuko da publikoarekin.
Malen: 
Kultur Birako Aginagako emanaldian adibidez, bukaeran, bertsioak jotzen ditugunez jendeak proposatzen zizkigun abestiak denak batera hasi ginen kantatzen. Oso giro polita sortu zen.

Emanaldietara zer eramaten duzue zuen kantutegian?
Maddi: 
Euskarazko kantak izaten saiatzen gara gure hizkuntza baita. Saiatzen gara publiko horri gertutasuna erakusten, haiek dakizkiten kantak abesten, denak batera giro hori sortzeko. Batzuetan oraingo kantak sartzen ditugu, Liher edo Izaki Gardenak taldeenak. Baita kanta zahartxeagoak ere.

Emakume sortzaile gehiago ikusten ari gara oholtzan. Zerk eragin du aldaketa?
Malen: 
Bere garaian, txosna batzorde desberdinetatik emakumeak oholtza gainera igotzeko lanketa sustatu zen. Egun emakume askoz gehiago dago oholtza gainean. Erreferente emakume geroz eta gehiago dago Euskal Herrian, horrek agian bultzatu du edota azken aldian feminismoak eman duen bultzadak, emakumeak hartu dugun ahalduntzea, indarra…
Maddi: Azkenean musika instrumentu bat izan da feminismoa bultzatu dezakeena. Lehenengo haiek ez zuten erraza izan. Orain ez dago erraztasun handia baina errazago ematen duzu urrats hori.
Malen: Oraintxe giro goxoagoa, konfiantzazko giro handiagoa dago oholtzara igotzen zaren unetik duela bost urte baino. Agian ahaldunduagoak gaudelako baita emakumeak.

Covid19 garaiotan, partaide izan zineten Kultur Bira edo konfinamendu garaiko artixten online bidezko emanaldiak alternatiba ezin egokiagoak irudituko zaizkizue?
Maddi: 
Konfinamendu garaian herritarrak kantatzen entzuteak eta parte hartzeak bizipoz handia eman zidan.
Malen: Kultur Biran, pertsona bakoitza aulki batean zuri begira distantziekin ikusita oso arrotza egiten da dena ematea baina aukera polita izan da taldeak entzuteko. Usurbilen kasuan behintzat zorte handia izan dugu Kultur Birarekin, orain NOAUA!ren Kulturaldiarekin. Hemen behintzat kulturari garrantzia ematen ari zaio eta hori eskertzekoa da.

Aurrera begira talde egonkor bat sortzekotan zarete?
Maddi: 
Egia esan ez gara horretan pentsatzen jarri. Bizitza oso desberdinak ditugu, bakoitzak bere aldetik jotzen du musika. Halere aukera ematen zaigun toki guztietara joateko prest geundeke.
Malen: Jarraikortasuna oraintxe zaila ikusten dut baina agian baliteke bi urte barru lortzea.