"Izan Bidea"

Ibilaldia igandean, Sareren "Izan Bidea" dinamikaren baitan

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 20a, 11:49

Preso eta iheslariek bizitzen segitzen duten egoerari aterabidea bilatzea exijitzeko Sarek udaz geroztik abian duen "Izan bidea" dinamikan urrats berri bat emango du asteburuan Sarek. Denetariko mobilizazioak deitu ditu Euskal Herri luze zabalean. Usurbilgo Sarek ibilaldia antolatu du herrian barrena, igande goizeko 11:00etan, Mikel Laboa plazatik abiatuta.

Aipatu dinamika plazaratu, ahalik eta babes sozial handiena bildu, "herritarren aktibazioa piztu preso eta iheslarien etxeratze prozesua martxan jarri eta elkarbizitzaren eta bakearen aldeko urratsak emateko" mobilizazio asteburua deitu du Sarek Euskal Herri luze zabalean, "Bidea gara, bidean gaude" aldarripean. Denetariko ekimenak iragarri dira. Usurbilen ibilalditxoa herrian barrena. Igande goizeko 11:00etarako finkatu du Usurbilgo Sare taldeak biltzeko hitzordua Mikel Laboa plazan. Kaxkoa, Kalezar, Zubieta eta Santuenea zeharkatuko ditu ibilaldiak. Frontoi atzean amaituko da. "Esan gabe doa, urriaren 24ean egin genuen moduan, ekimen guzti hauek Covid-19a dela eta ezarritako segurtasun neurriak errespetatuz egingo dira, distantziak mantendu daitezken forma eta espazioak hautatuz", ohartarazi du Sarek.

Eguraldiari begira ez da izango aitzakiarik; giro eguzkitsua iragarri du Euskalmet meteorologia agentziak iganderako, hilak 22. Sarek parte hartzera deitu du. "Dei egiten diegu, elkarbizitzaren alde pausuak eman nahi dituzte herritar guztiei, preso eta iheslarien auzia konpondu eta salbuespen legedia amaitzearen alde antolatuko diren ekimen hauetan parte hartzera. Herriz herri, auzoz auzo, bidea gara eta bidean gaude".

Bilboko manifestazioaren ordez, mobilizazioak herriz herri
Bizi dugun osasun krisialdia tarteko, Sarek urte hasieran Bilbon antolatu izan duen manifestazio masiborik ez da izango bi hilabete barru. Horren ordez, urtarrilaren 9an herrietan mobilizatzeko deia egin du arratsaldeko 17:30etan, "osasun-segurtasunerako neurri guztiak errespetatuta. Leku zabaletan, non guztiok izango dugun aukera bakea, konponbidea eta bizikidetza aldarrikatzeko".

Azken ostiraleko mobilizazioa, oraingoan bai
Covid19-a tarteko, eremu gorrian sartu zen Usurbil urria amaieran. Orduko hartan, eremu horretan ziren udalerrietako euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko hilabeteko azken ostiraleko mobilizazioak bertan behera uztea erabaki zuen Etxerat-ek. Eremu laranjara igaro berri garen honetan, azken orduko aldaketarik ez bada bai; datorren ostiralean (azaroak 27) Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak deituta elkarretaratzea egingo da 20:00etan Mikel Laboa plazan.