Usurbil Sahararekin

"Sahara askatu!"

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 21a, 14:24

Usurbilek babes osoa adierazi dio saharar herriari, herritar talde batek antolatuta, Marokok Mendebaldeko Saharako su-etena apurtu duela salatzeko larunbat eguerdi honetan Mikel Laboa plazan egin duten elkarretaratzean. Sahararen askatasuna exijitu dute.

"Sahara askatu!" larunbat eguerdian gehien entzun den aldarrietako bat izan da, herritar talde batek deituta Mikel Laboa plazan egin duten elkarretaratzean. Marokok Mendebaldeko Saharako su-etena apurtu duela salatu eta saharar herriari babes osoa adierazi diote usurbildarrek, "Sahara SOS! Autodeterminazioa orain!" aldarripean egin den mobilizazioan. 

Hitzorduan parte hartu dute baita, Usurbilen bizi diren sahararrek. Esker onez jaso dute herritarren babesa eta hamarkada luzeetako gatazkarentzako konponbidea eskatu dute; saharar herriaren askapena. Saharako ikurrak eskuetan, sahararren ereserki eta musika entzunez, sahararrak goratu, txalotu eta haien askatasunaren aldeko oihuak entzun dira mobilizazioan zehar.

Usurbilen egin dena ez da egunotako mobilizazio bakarra. Udalerri honetakoa Euskal Herri luze zabalean bideratzen ari diren ekimenen ispilu argia izaten ari da. Antolatzaileek datozen ekimenei adi egoteko eskatu dute. Besteak beste, saharar herriari helarazteko elkartasun bilketa kanpaina iragarri dute.