Azaroko azken ostiralean elkarretaratzea izango da

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 23a, 13:28

Covid19-a tarteko, eremu gorrian sartu zen Usurbil urria amaieran. Orduko hartan, eremu horretan ziren udalerrietako euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko hilabeteko azken ostiraleko mobilizazioak bertan behera uztea erabaki zuen Etxerat-ek. Eremu laranjara igaro berri garen honetan, azken orduko aldaketarik ez bada bai; datorren ostiralean (azaroak 27) Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak deituta elkarretaratzea egingo da 20:00etan Mikel Laboa plazan.

Ezberdina izango da datorren mobilizazioa; azkenekoz, irailean egin zuten elkarretaratzea. Aipatu moduan, covid19-aren hedapenagatik eremu gorrian sartu berritan ez zen izan mobilizaziorik urria amaieran. Bi hilabeteotan ordea preso ziren bi herrikideen egoera erabat aldatu da.

Gogoan izan, 3. gradua aplikatu eta azaroaren 6an Aranjuezko espetxetik irten ahal izan ziren Olatz eta Patxi Uranga asteburuko baimenarekin. Usurbilen igaro ahal izan zituzten hiru egun; eta gainera, ez zuten gero Aranjuezera itzuli beharrik izan, Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Orokorrak bi herrikideak Martutenera kartzelaz aldatzea erabaki zuelako. 

Hilaren 9an Usurbilen Nahi Ditugu eta Sare taldeek berri eman zutenez, Olatz eta Patxi Martuteneko espetxean aurkeztu zuten euren burua. Patxiri dagokionean, astean lau gau, astelehenetik ostegunera Martuteneko kartzelan igaro beharra agindu zioten. Olatzi aste hartako ostegunera arte luzatu zioten espetxetik kanpo egoteko baimena. Zergatia Usurbilen Nahi Ditugu eta Usurbilgo Sare taldeek argitu zuten; Maddi haurtxoarekin Martutenen egoteko baldintza egoki falta. Azaroaren 12an, "erabaki finkoago bat hartu beharko dute bere egoeraz", iragarri zuten Sarek eta Usurbilen Nahi Ditugu taldeek. 

Eta erabaki zuten; Olatz Lasagabasterrek ez du Martuteneko espetxera bueltatu beharrik izango. "Pultsera jarriko omen diote datorren astean", berri eman zion egun hartan NOAUA!ri Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak. "Bitartean telefono bidezko kontrola" eziarriko diotela zehaztu zuten.

Neurri berdinak gainerako euskal presoentzat
Urte luzez exijitu dute aipatu eragileek, hainbat erakunde eta taldeek, Olatz eta Patxiren senide, lagun eta herritarrek, "espetxea legeria arrunta aplikatzea. Hamaika ahaleginen ostean, beren kasuan bederen, gauzatzen hasi da behingoz. Espero dezagun bide hori urratzen segitzea eta laster biek ala biek baldintzapeko askatasunean gure artean izatea", zioten aste hasieran Usurbilen Nahi Ditugu eta Sare taldeek.

Bi herrikideon familiak "esker ona adierazi nahi die beren interesa eta zoriona helarazi dieten herritar guztiei". Gogoan izan, azaroaren 6an "Madrilgo espetxera joan zen bien eta beraiekin zegoen Maddi alabaren bila. Orduak pasa zituzten atean noiz aterako zain baina, azkenean, denok ikusi ahal izan dugun argazki hunkigarria egia bilakatu zen. Hilabeteak ikusi gabe zuten Xuarekin familia osatua, laurak irrifar erraldoi batean batuta. Larunbateko ordu txikitan iritsi ziren Usurbilera. Asteburu oso berezia igaro dute elkarrekin".

Gertaera honek poz handia eragin duen arren, Usurbilen Nahi Ditugu eta Usurbilgo Sare taldeek gogorarazi dutenez, "alferrikako sufrikarioa eten eta sentimendu berbera errepikatzea nahi dugu, behar dugu hobe esanda, gainerako euskal preso politiko guztien kasuan. Horregatik eta horretarako lehenik eta behin preso gaixo, adin handikoei eta baldintzapean berehala kaleratuak izan daitekeenei legeria arrunta aplikatzea exijitzen jarraituko dugu. Euskal preso guzti-guztiak behin betiko etxeratuak izateko lehen urrats bezala".