"Izan bidea"

Sare: "Ehunka herri eta milaka herritar mugimenduan gabiltza asteburu honetan ere"

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 23a, 13:53

Urratsez urrats bidea eginez, "bidea gara eta bidean gaude!" aldarrikatu du Sarek igande goiz honetan, preso eta iheslarien auzia konpondu eta behingoz salbuespenezko espetxe politika eteteko herrian barrena antolatu duen martxaren amaieran. Aipatu espetxe politika bertan behera uzteko inoizko gehiengo zabal eta anitzena izan eta Madril eta zein Parisko gobernuek lehen aldiz espetxe politika aldatzeko borondatea agertu dutela nabarmenduta, une historikoan garela ohartarazi du Sarek. "Aukera probestu beharrean gaude". Lerrotan duzue, plazaratu duten adierazpena osorik. 

BIDEAN GARA, BIDEAN GAUDE
Asteburu honetan, Hego Euskal Herriko herri eta auzoetan ehunka mobilizazio antolatu ditugu "Izan Bidea" dinamikaren baitan. Ahalik eta herritar gehienen parte hartzea bilatu dugu, dinamika bera zabaldu eta hedatzeko asmoz. Pasa den maiatzean aurkeztu genuen dinamika honen baitan milaka gara urratsak ematen hasi garen herritarrak; preso eta iheslarien etxerako bidea egiteko urratsak emanaz, elkarbizitza eta bakea eraiki ahal izateko urratsak emanaz.

Abestiak dioen moduan, "bide zuzena ez da beti motzena". Horretaz zertxobait badakigu. Baina horrek ez gaitu sekula etxean geratuarazi. Badakigu bidea ez dela egun batetik bestera egiten, urratsez urrats baizik. Eta horretan gaude. 

Hilabete hauetan guztietan, pandemia egoera zail honen baitan egonda ere, aktibo egon gara, lehenik konfinatuak izan garen egunetan gure etxeetatik aldarria zabalduz, ondoren, kalean segurtasun distantziak errespetatuz, baina ezinbestekoa den aldarria behin eta berriro zabalduz. Hala egin dugu gaur ere. Egoera zaila izan arren eta guztion segurtasuna dela-eta, arduraz jokatzea dagokigun arren, salbuespenezko espetxe politika amaitzearen beharra kalean aldarrikatu dugu.

Izan ere, espetxeetako egoerak ere okerrera egin du covid19-aren ondorioz, bai preso direnei, bai bisitara doazen senideei egoera zailduz. Ezin dugu errealitate hori ahantzi ezta alboratu ere. Horregatik batu gara gaur ere, guztion artean bidea egiteko, guztion artean oinarrizkoak, urgentziazkoak eta beharrezkoak diren pausuak eman daitezen; 
-Larriki gaixo diren presoen kaleratzea.
-Urrunketa politikaren amaiera.
-Gradu progresioa; zeinari esker, presoek euren etxeratze prozesua abiatu ahal izango duten.
-Zigorren batuketa.
-Bakartuak diren emakume presoen bateratzea.
-Finean, salbuespen legedia bertan behera laga eta lege arruntaren ezarpena.

Azken hilabeteetan behin eta berriro esan dugu une historiko baten aurrean aurkitzen garela; batetik, Euskal Herri mailan salbuespen legedia bertan behera geratzeko lortutako adostasun eta akordioak gehiengo politiko, instituzional, sindikal eta soziala batzen dutelako. Bestetik, bai Madrilen eta baita Parisen ere espetxe politika aldatzeko borondatea agertu dutelako lehenekoz, nahiz eta eman diren urratsak, arnas-gune izanda ere, nahikoa ez izan. Aukera probestu beharrean gaude. Eta badakigu, guk bultzatu ezean, errealitate hau guk mahaigaineratu ezean, haizeak astintzen ez duen bandera modura, trapu bilakatuko dela.

Bultzada horretan gaude. Ehunka herri eta milaka herritar mugimenduan gabiltza asteburu honetan ere. Urratsez urrats, kilometroz kilometro, bidea gara eta bidean gaude!