Merkataritza hizpide

Intza ile-apaindegia: “Irailera arte ondo joan da, erritmo onean aritu gara”

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 23a, 09:15
Intza ile-apaindegiko lan taldea. Argazkiaren egilea: Ion Markel Saez de Urabain (gertuago.eus)

Pandemia ile-apaindegian izaten ari den eraginaz edota Gertuago kanpainaz elkarrizketatu du NOAUA!-k Intza ile-apaindegiko lan taldea.

NOAUA! Bigarren konfinamendu baten mamua gainean dugu azkenaldian. Lehenengoa nola gogoratzen duzue?
Intza ile-apaindegia: Kolpe gogorra izan zen. Beldurra batetik eta urduritasuna bestetik. Egun batetik bestera itxiarazi ziguten ile-apaindegia, baina aurreko egunean ia inor ez zen agertu ilea moztera. Itxialdia kokatzen aritu ginen egun haietan, langileak ERTEra bidalita.

Maiatzeko irekiera nola gogoratzen duzue?
Jendea zain zegoen eta gogotsu. Itzulera gogorra izan zen jende asko geneukalako eta edukiera kontua dela eta ezin genuelako nahi beste jende hartu. Kezkatuta egon ginen nola moldatuko ginen neurri berrietara, baina irekitzeko irrikitan. Azkenean ireki genuen, eta martxan jarri ginen. Ilea mozteko eta tinduak emateko beharra zeukan jende askok, eta beste askori konponketak egin behar izan genizkien, etxean ilea moztu zutelako askok. Mutil askoren kasua izan zen hori. Telefonoz deitu eta ordua hartzeko beharra erakusten ziguten askok, ilea bakarrik mozten hasi eta desastre handiak egin zituztelako.

Lan bolumena nolakoa da une honetan?
Nik esango nuke irailera arte ongi joan dela, erritmo onean. Orain beherakada nabaritu dugu, neurri handi batean herritik ateratzeko debekua dela eta. Jende gutxiago dabil, baina berezitasun nagusia lan egiteko modua da. Erabat birpentsatu behar izan dugu antolamentua. Ordutegian ere aldaketak egin ditugu. Orain dena jarraian egiten dugu, eguerdiko itxiera egin gabe eta lehenago ixten dugu.

Bigarren itxialdi baten beldur al zarete?
Orain beherakada nabari dugu eta horrek beldurra sortzen du nahitaez. Etorkizunean zer izango den ez jakite horrek beldurra sortzen du ezinbestean.