Hurbilagoren kanpaina

‘Preziyo Juxtua’ asmatzeak saria dakar

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 23a, 17:33

Hurbilago merkatari eta ostalarien elkarteak ‘Preziyo Juxtua’ izeneko kanpaina jarri du martxan. Argazkiko eskaparatean dauden produktuen preziora gehien hurbiltzen direnek saria eskuratuko dute. Ez utzi azken ordurako.

Eskaparatea Kontzeju Zarra 13 kaleko lokalean topatuko duzue. 2015ean, Kilometroak Gattunk dendaren egoitza izan zen toki berean.

 

Joko-arauak

Hurbilagok planteatu duen jokoaren arauak hauexek dira:

-Erosi Hurbilago elkarteko saltokietan.

-Eskuratu parte hartzeko txarteltxoa.

-Eskaparatearen balioa kalkulatu, baina pasatu gabe.

-Txarteltxoa bete eta Hurbilagoko dendako kutxan bota edo bidali balioa preziyojuxtua.hurbilago.com Internet helbidearen bidez.

 

Kalkulatu prezioa, “baina pasa gabe”

“Preziora gehien hurbiltzen direnek, pasa gabe, eskaparateko beraien oparia aukeratuko dute”, kanpainaren sustatzaileek aditzera eman dutenez.

Sariketa hau bideratzeko, Hurbilagok Usurbilgo Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso du. TaPuntuk bideratu du kanpaina komunikatiboa.

 

Hobari berriak, Gertu txartelarekin

Usurbilen bizitzeaz gain, herrian bertan erosteak sariak dakartza beste behin, Hurbilago merkatari eta ostalarien elkartearen eskutik. Hurbilagok, Udalarekin, Rural Kutxarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin sustaturiko Gertu txartela baliatu behar duzue horretarako Hurbilagoko kide diren herriko saltokietan eta azaroaren 30era arte.

Erosketak egin, erosketok Gertu txartelarekin ordaindu eta trukean 50 eurora arteko hobariak irabazteko aukera izango duzue. Usurbilgo ostalari eta merkatarien elkarteak abian jarritako ekimena da honakoa, baina ez bakarra. Adi datozen asteei. Herrian bizi eta erosteak gogotik sarituko da urte amaiera honetan.