Koronabirusa

2021erako Covid19-aren aurkako txertaketa kanpaina aurkeztu du Madrilek

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 25a, 08:12

Espainiako Gobernuak covid19-ari aurre egiteko txertaketa kanpainaren nondik norakoak azaldu ditu. Zaurgarrienak diren kolektiboek izango dute txertatzeko lehentasuna, itxuraz urtarrilean hasi nahi luketen lehen fasean. Madrilek autonomia erkidegoetako gobernuekin koordinatuta bideratu asmo du koronabirusaren hedapena eteteko estrategia. Espainiako Gobernuak. Eusko Jaurlaritzak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako txertaketa plan propioa lantzen ari direla aurreratu du Iñigo Urkullu Lehendakariak.

Ikusi beharko da azkenean benetan nola gauzatzen den, baina astearteko Ministroen Kontseiluaren ostean covid19ari aurre egiteko txertaketa estrategiaren lehen fasearen nondik norakoak aurkeztu ditu Espainiako Gobernuak.

Europar Batasunak 800 milioi pertsona “immunizatzeko” 1.400 milioi dosi inguru jarriko omen ditu batasun honetako kide diren herrialdeen esku. Estatu kide bakoitzak duen biztanle kopuruaren araberako dosiak jasoko ditu. Helburua; covid19-ak eragindako erikortasuna eta hilkortasuna murriztea litzakete, eta kolektibo zaurgarrienak babestea.

Txertoa doan jarri ahalko omen da osasun sistema publikoan, gaurkoz ez dirudi derrigorrezkoa izango denik. Beste txertoen ohiko segurtasun maila izango duela ziurtatu du Espainiako Gobernuak. Datorren urte hasieran bideratu asmo du Espainiako Gobernuak txertaketa kanpainaren lehen fasea autonomia erkidegoetako gobernuekin koordinatuta.

Lehenengo dosi kopurua mugatua izango denez, Espainiako Gobernuak dio horrek lehentasunak finkatzera derrigortu duela. Covid19aren aurkako dosia hartzen lehenak kolektibo zaurgarrienak izango dira:
1-Adinekoen egoitzetako egoiliarrak eta langileak.
2-Lehen arreta zerbitzua eskaintzen duten, “lehen lerro” horretan lanean ari diren osasun langileak.
3-Gainerako osasun langileak eta langile soziosanitarioak.
4-Dependentzia maila altua duten pertsonak.

Herritarrak txertoa jartzera bultzatzeko kontzientziaziorako komunikazio plan bat ere aurreikusten du Espainiako Gobernuak aurkezturiko estrategiak; helburu argi batekin, txerto honekiko ahalik eta konfiantza maila altuena sustatzea eta honenbestez, dosia ahalik eta pertsona gehienek jartzea. Prozesu eraginkorra, etiko, parekide eta gardena bultzatu nahi du Espainiako Gobernuak.

Txertoa jartzeko urratsak
Txertaketa prozesu osoaren kalitatea bermatzeko Espainiako Gobernuak giltzarritzat jotzen du txertoaren “biltegiratze, banaketa eta administrazio onena izatea”. Txertoak jartzeko guneei dagokienean, alternatiba ezberdinak aztertzen ari direla diote. Ez dute guztiz hala izango denik ziurtatu, baina lehen arreta zerbitzuak, hots, anbulatorioek txertoak jartzeko duten esperientzia aintzakotzat hartzeko modukoa dela irizten dio Espainiako Gobernuak. Hala balitz, txertoa jartzeko udalerrietako osasun etxeetara joan beharko balitz, egun gripearen aurkako txertoa jartzeko egin behar den moduan, anbulatoriora deitu beharko litzateke hitzordua eskatzeko. Hitzordu bidez baieztatuko litzateke txertoa jartzeko eguna, eta horren arabera banatuko lirateke baita dosiak ere, Madrilgo Gobernuaren esanetan alferrik ez galtzeko eta beti ere segurtasun protokoloak beteta.

Txertoa jartzen duen pertsona ororen kasuan, bere historia klinikoan jasoa geratuko da, noiz jarri dioten eta jarritako txertoari buruzko datuak ere bai. Gainera, beharrezko informazio guztia jasoko dute eta baita txertaketa txartel bat ere, edozein kontsulta egin ahal izateko telefono zenbaki batekin. Txertoa jasotako pertsonak kontrako erreakzioren bat izan dezakeela susmatuko balu, telefono zenbaki hori baliatu ahalko luke.

Txertoen segurtasunaren zaintza lanetarako plan espezifikoa ere garatua du Espianiako medikamentuen zaintzarako sistemak. Une oro aztertu asmo dituzte, bai osasun langileek baita txertoa jarri duten pertsonek izan ditzaketen balizko kontrako erreakzioei lotutako jakinarazpenak. Informazio hau guztia gainera, Europako gainerako agentziekin eta Osasunaren Mundu Erakundearekin partekatu asmo dute.

“Euskal txertaketa plana”
Espainiako Gobernuak eginiko iragarpenen aurrean, Iñigo Urkullu lehendakariak txertaketa plan propioa iragarri du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako. Hainbat enpresekin lanean ari da Eusko Jaurlaritza, “txertoen biltegiratze eta mantentze logistikari begira”. Usurbildik gertu, Hernani aipatzen ari dira egunotan. Zuhurtzia eskatzen dute Gasteizko gobernutik, hilabete zailak bizitzen segitzea egokituko zaigula ohartarazi dute. Txertaketa plan bat egon arren, ezinbestekotzat potzen dute covid19-aren hedapena eteteko ezagunak ditugun prebentzio neurriak betetzen jarraitzea.