Azaroak25

Azaroaren 25ari lotutako erakunde adierazpena bozkatuko dute osteguneko udalbatzarrean

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 25a, 14:14

Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Egunaren harira erakunde adierazpena bozkatu eta onartzekoa da Usurbilgo Udala, ostegunerako deitu duen udalbatzarrean.

Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Eguna gaur (azaroak 25). Covid19-ak baldintzaturikoa aurten. Urtero moduan, Usurbilgo Udalak salaketa eta aldarrikapen egun honi lotutako erakunde adierazpena onartuko du, ostegunerako deitua duen udalbatzarrean. Aurten noski, pandemiaren eragina ere islatzen du adierazpen honek. "Krisi-testuinguru guztiak, pandemia honekin gertatzen den bezala, indarkeria matxista, ugaltzeko, biderkatzeko eta ugaritzeko haztegi bat dira", ohartarazten du. Horregatik arreta jartzea ezinbestekotzat jotzen du adierazpenak, testuinguru honetan "bizirik irauteagatik indarkeriari aurre egiten ari diren emakume eta neskengan". 

Euskal Herrian lau dira gaur arte aurten erail dituzten emakumeak. Konpromiso politiko argia eskatzen du erakunde adierazpenak emakumeen aurkako indarkeria matxista lehentasun politiko bilakatzeko. Erakunde adierazpen honekin Udalak zenbait konpromiso hartzen ditu. Besteak beste: indarkeria matxista pairatzen duten emakumeak arreta-prozesu osoaren erdigunean kokatzea; behaketa hobetzea; emakumeoi zuzenduriko arreta- eta laguntza-zerbitzuak egokitzea; emakumeen ahalduntzea eta gazteen artean prebentzioa sustatzeko programak bultzatzea; covid19-aren eragina aztertzea eta eragin hau arintzeko genero-ikuspegia txertatzea; erakundeen arteko lankidetza eta koordinazioa bultzatzea... 

Mugimendu feministak egun honen harira deitutako mobilizazioekin bat egitera deitzen dituzte herritarrak.

Mozio eta adierazpen gehiago
Egun zehatzei lotutako bi erakunde adierazpen izango dituzte aztergaien artean osteguneko udalbatzarrean; bat, abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko Egunari lotua. Gogoan izan, Euskaraldi betean gara Usurbilen eta Euskal Herrian. Bestea asteazken honetako, azaroaren 25eko Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Egunari lotutakoa.

Hirugarren bat ere bai. Larunbatean, Marokok 1991ko su-etena hautsi izana salatu eta saharar herria babesteko elkarretaratzea egin zen Mikel Laboa plazan. Gai honi lotutako erakunde adierazpena ere aurkeztuko dute osteguneko udlabatzarrean. Mozio bat ere txertatu dute datorren osoko bilkurako gai-zerrendan; “1978 eta 1999 bitartean motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei 5/2019 Legeak eskainiko dien erreparazioa (Egiari Zor Fundazioa)”.

Mozio eta erakunde adierazpenez gain, 2021eko Egutegi Fiskala onartzeko asmoa dute osteguneko saioan. Baita hitzarmen bat ere; “Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea eta Usurbilgo Udalaren arteko hitzarmenren onarpena, hizkuntza prestakuntza eta normalizazioaren arloari lotua”.


UDALBATZARRA
Eguna: 
azaroak 26, osteguna.
Ordua: 18:00.
Tokia: udalbatza aretoa.
Deitzailea: Usurbilgo Udala.
Gai-zerrenda:
1-2020/10/29ko bilkurako aktaren onespena.
2-Alkatetzako dekretu hauen berri ematea: 2020ko urriaren 13tik azaroaren 13ra (2020/788-2020/884).
3-2021eko Egutegi Fiskalaren onarpena.
4-Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea eta Usurbilgo Udalaren arteko hitzarmenaren onarpena, hizkuntza prestakuntza eta normalizazioaren arloari lotua.
5-Erakunde Adierazpena: Azaroak 25, Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Eguna.
6-Mozioa: 1978 eta 1999 bitartean motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei 5/2019 Legeak eskainiko dien erreparazioa (Egiari Zor Fundazioa).
7-Erakunde Adierazpena: Abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna.
8-Erakunde Adierazpena: Mendebaldeko Saharako su-etenaren amaiera.
9-Galdera-eskaerak.