Eskualde mailako eskaintza

Lan anitzetarako 18 operario kontratatuko dituzte Beterri-Buruntzako udalek

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 25a, 09:11

Guztira 18 langile kontratatuko dituzte Beterri-Buruntzako udalek. Haietatik 4 Usurbilgo Udalak. Deialdia bereziki lan merkatuan txertatzeko zailtasunak dituzten kolektiboei zuzendua dago. Eskaintza honetan izen emateko epea zabalik izango da gaurtik (azaroak 25) abenduaren 2ra arte.

Brigadako lan anitzetarako operario gisa jarduteko 18 lagun kontratatuko dituzte Beterri-Buruntzako udalek, langabetuak lan markatuan txertatzeko duten programaren baitan. Deialdia bereziki lan-merkatuan txertatzeko zailtasunak dituzten kolektiboei zuzendua dago. Usurbilgo kasuan, udal-brigadan aritzeko lanaldi osoko lau postu eskainiko ditu, bost hilabeterako. Lan deialdi honetan izen emateko epea zabalik izango da gaurtik abenduaren 2ra arte.

Lanpostuotan jarduteko lehentasuna izango dute bereziki emakumeek (%40), Diru Sarrera Bermatzeko Errenta kobratzen dutenek (%30) eta 55 urtetik gorakoek (%15). Baita 45 urtetik gorakoek, iraupen luzeko langabetuek edota covid19-aren eraginez alarma egoera indarrean jarri zenetik lanpostua galdu dutenek. 

Adi Lanbideko iragarkiari
Deialdi honetan parte hartzeko Beterri-Buruntzako udalerrietako batean erroldatua egon beharko da; hau da, Andoainen, Astigarragan, Hernanin, Lasarte-Orian, Urnietan edo Usurbilen. Aurretik programa honen onuradun ez izatea eskatzen da eta Lanbiden langabetu gisa izena emanda egotea. 

Lan deialdian parte hartzeko izena eman lanbide.eus web orrialdean argitaratu den iragarkian. "Lanbidek jasotako curriculum guztiak aztertu, eta eskualdeko udaletara bideratuko ditu. Elkarrizketa bidez hautatuko dira, ondoren", ohartarazi dute Usurbilgo Udaletik. Hemen duzue iragarkira heltzeko lotura: lanbide.eus

Informazio gehiagorako:
Udalak egunotan etxeetan banatuko duen eskuorrian
Usurbilgo Udala (Joxe Martin Sagardia plaza z/g)
943 371 951
enplegu@usurbil.eus