Udalbatzarra

Adostasuna nagusi, gaurko udalbatzarrean hartutako erabakietan

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 26a, 19:20

Gaurkotasun handiko gaiei lotutako 3 erakunde adierazpen eta mozio bat onartu dituzte udal taldeek, ostegun arratsalde honetan ospaturiko udalbatzarrean. Udal ordezkarien artean izan den adostasuna azpimarratu du alkateak saio amaieran.

Adostasun giroa nagusi gaurko udalbatzarrean. Gai-zerrenda osoko puntu gehienak aho batez onartu dituzte udal taldeek, bestela gehiengo osoz. Gaurkotasun handiko gaiak guztiak. Arlo ekonomikoari dagokionean lerroburu garrantzitsu bat azpimarratu behar; 2021erako ordenantza fiskal berririk ez da izango oraingoan. 2020koei segida emango zaie hurrengo urtean, hau da, ez da aldaketarik izango, covid19-aren eraginez bizi dugun ezohiko egoera dela eta. Gaurkoan hasieraz onartu duten aldaketa bakarra, 2021eko ordenatza fiskalen egutegia da.

Euskarari lotutako beste bi puntu zituen ostegun honetako udalbatzarrak; batetik, hizkuntza prestakuntza eta normalizazioaren arloari lotutako Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea eta Usurbilgo Udalaren arteko hitzarmena onartu dute aho batez.

Gogoan izan baita, Euskaraldi betean gara, eta datorren abenduaren 3an Euskararen Eguna aldarrikatu eta ospatuko da. Egun honi lotutako "Euskara, aurrerabide; gizartea euskaraz biziberritzea helburu" izeneko erakunde adierazpena onartu du udalbatzak aho batez.

Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Egunaren biharamun honetan, azaroaren 25ari lotutako erakunde adierazpenari aho bateko babesa eman diote udal ordezkari guztiek. Erakunde adierazpen honekin Udalak zenbait konpromiso hartzen ditu. Besteak beste: indarkeria matxista pairatzen duten emakumeak arreta-prozesu osoaren erdigunean kokatzea; behaketa hobetzea; emakumeoi zuzenduriko arreta- eta laguntza-zerbitzuak egokitzea; emakumeen ahalduntzea eta gazteen artean prebentzioa sustatzeko programak bultzatzea; covid19-aren eragina aztertzea eta eragin hau arintzeko genero-ikuspegia txertatzea; erakundeen arteko lankidetza eta koordinazioa bultzatzea... 

Marokoko indar armatuek 1991ko Mendebaldeko Saharako su-etena azaroaren 13an nahita hautsi izana salatu eta saharar herriari babes osoa adierazteko ere erakunde adierazpena onartu dute. Baita Egiari Zor Fundazioak aurkezturiko mozioa ere, "1978 eta 1999 bitartean motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei 5/2019 Legeak eskainiko dien erreparazioa" hizpide duena.


BOZKETEN EMAITZAK
2021eko Egutegi Fiskalaren onarpena. 
Bozketa: EHBildu, EAJ alde. Abstentzioa: PSE.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea eta Usurbilgo Udalaren arteko hitzarmenaren onarpena, hizkuntza prestakuntza eta normalizazioaren arloari lotua.
Bozketa: aho batez onartua.

Erakunde Adierazpena: Azaroak 25, Emakumeen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Eguna.
Bozketa: aho batez onartua.

Mozioa: 1978 eta 1999 bitartean motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei 5/2019 Legeak eskainiko dien erreparazioa (Egiari Zor Fundazioa).
Bozketa: aho batez onartua.

Erakunde Adierazpena: Abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna.
Bozketa: aho batez onartua.

Erakunde Adierazpena: Mendebaldeko Saharako su-etenaren amaiera.
Bozketa: EHBildu eta EAJ alde. Abstentzioa: PSE.