Euskaraldia

Urtebeteko lankidetza hitzarmena sinatu dute Behatokiak eta Usurbilgo Udalak

Noaua Aldizkaria 2020ko aza. 30a, 11:08

Urtebeteko, 2021eko azaroara arteko lankidetza hitzarmena sinatu dute Usurbilgo Udalak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak. Hitzarmenak bi aldeen egitekoak zehazten ditu. 

Argi dio zein izango den bi erakundeon arteko lankidetzaren xedea. "Besteak beste, hizkuntza-eskubideen inguruko kontzientzia areagotu eta hizkuntza-eskubideen babesean eragitea denez, bi erakundeon arteko lankidetzaren bitartez euskaldunon hizkuntza-eskubideen babesean eraginkorragoak izatea da proposamen honen helburua". Horretarako, hitzarmenak dioenez, "bi erakundeen helburuak elkarrekin gauzatzeko eta uztartzeko egokiak diren ekimenak bultzatu nahi dira".

Ekimenon artean, herritarrak ahalduntzeko aurkezpen eta formazio saioa egin asmo dute, "euskararen inguruan dituzten eskubide eta tresnak ezagutarazi eta haiek baliatzeko moduak erakutsita. Norbanako bakoitzak "mikroboteretik" gauzak aldarazteko duen ahalmena ikusaraztea da saioaren gakoa". 

Hizkuntz-eskubideen urraketak identifikatzeko gakoak eta horiek salatzeko Behatokiak dituen tresnak azalduko dira, hitzarmenak jasotzen duenez. Salaketarako bideok ditu egun Behatokiak:
behatokia.eus
euskararentelefonoa.eus
AKUILARI mugikorrerako aplikazioa

Usurbilgo Udalak ere, herritarren hizkuntz-eskubide urraketei lotutako kexak jasotzeko hainbat baliabide eskaini asmo ditu; postontziak, atal berezi bat usurbil.eus atarian, Behatokira helarazteko posta elektronikoa...

Diagnosia eta jarraipen batzordea
Kexu horiek guztiak Behatokiara heldu eta gero, "intzidentzietan oinarritutako diagnosia helaraziko dio Usurbilgo Udalari hizkuntza eskubideen bermean antzemandako hutsune eta hobetu beharrekoen berri emanez, era horretan Usurbilgo Udalak euskararen erabileran sustapen handiagoa eskatzen duten arloak identifikatuta izan ditzan eta, bere eskumenen barruan, dagozkion neurri zuzentzaileak abia ditzan". Bide horretan, izandako lorpenen berri helaraziko dio gero Behatokiak Udalari. Behatokiak eta Udalak izendatutako ordezkariez osaturiko jarraipen batzorde bat ere bilduko da tarteka.

Ekimenok bideratzeko Usurbilgo Udalak 900 euroko diru ekarpena egingo dio Behatokiari, 2020ko udal aurrekontuetatik, Euskara Zerbitzuaren diru-sailean jasotako kreditutik hain zuzen.